Diru-laguntzak zabalik: mugikortasuna, bidaia-poltsak, itzulpengintza

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-05-07

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Etxepare Euskal Institutuaren hiru diru-laguntza deialdi argitaratu zituen ostiralean eta jada zabaldu da eskaerak egiteko epea. Diru-laguntza hauen xedea adierazpen eta modalitate ezberdinetan euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea da.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Etxepare Euskal Institutuaren hiru diru-laguntza deialdi argitaratu zituen ostiralean eta jada zabaldu da eskaerak egiteko epea. Diru-laguntza hauen xedea adierazpen eta modalitate ezberdinetan euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea da.

Lehenengo deialdiak arte plastikoak eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkia hartzen ditu eta 350.000 euroko zuzkidura du. Diru-laguntza hauek 2018an jaialdi edo kultur jarduera konkretuetan (birak, denboraldiak, erakusketak, lehiaketak, ekitaldiak, egonaldi proiektuak) parte hartzeko bidaia-gastuak, muntaia-gastuak, eszenografia edo materialen garraioa, ostatua eta dietak ordaintzeko izango dira. Diziplina bakoitzarentzat honela banatuko dira kopuruak: antzerkia 130.000 euro, musika 125.000 euro, dantza 40.000 euro eta arte plastikoak eta ikusizkoak 55.000 euro. Diru-laguntzak eskatzeko epea ekainaren 4ra arte egongo da irekita.

Bestetik bidaia poltsen deialdia ere argitaratu da, zinema eta literatura arloko sortzaile eta eragileek (idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak, editoreak, zuzendariak, aktoreak, gidoigileak, ekoizleak, etab.) nazioarteko hitzaldi, topaketa edo ekitaldietan parte hartu ahal izateko bidaia-gastuak, ostatua eta dietak ordaintzea helburu duena, betiere jarduera hauek sorkuntzarekin harremana badute eta onuradunek euskal kulturaren ordezkari bezala parte hartzen badute. Guztira 20.000 euro bideratuko dira eta urriaren 31ra arte egongo da irekita epea.

Literatura-itzulpenak ere sustatuko dira 39.000 eurorekin. Bi modalitate izango ditu alor honek: jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-lanak edozein hizkuntzatara itzultzera zuzendutako diru-laguntzak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-lanak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzera zuzendutakoak. Epea ekainaren 4ra arte egongo da irekita.

Guztira 565.000 euro bideratuko ditu aurten Institutuak euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzeko, izan ere, aipatutako diru-laguntzei honakoak gehitu behar zaizkie: nazioarteko arte azoketan parte hartzeko diru-laguntzak (deialdia irekita dago eta 36.000 euroko zuzkidura du), ikus-entzunezkoen, arte eszenikoen, liburuen edo musikaren alorreko nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntzak (90.000 euro), eta euskal kulturaren sustapen eta hedapenerako deialdia (30.000 euro). Azken hau iaz berreskuratu zen etabertan lekua dute Institutuaren jarduera-eremuarekin bat etorrita ere, ohiko deialdien babesean diru-laguntzarik jaso ezin duten jarduera eta proiektuek, esaterako diziplina arteko proiektuak.

Diru-laguntzen iguruko informazio gehiago hemen.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu