EFM – Berlinale 2023: Basque. Audiovisual.
Euskara. Kultura. Mundura.
-
16Ots 202322Ots 2023Berlin
Ikus-entzunezko industriaren topaketa nagusienetakoa den European Film Market otsailaren 16tik 22ra egingo da Berlinaleren baitan. Aurten ere, Basque. Audiovisual.-ek euskal ekoizpen esanguratsuenak eramango ditu.
Aurten, jaialdiak formatu erabat presentziala berreskuratuko du ekitaldietan eta European Film Market eta Berlinale Talents bezalako sailetan.
Aurreko edizioetan bezala, Basque. Audiovisual.-ek euskal zinemaren markak standa izango du Berlinaleko merkatuan, Cinema from Spain atariaren barne, nazioarteko eragileei azaltzeko zer nolako pizgarri fiskal eta laguntza-sistemak dauden euskal lurraldean, baita nazioarteko industriaren zerbitzura dauden tresnen eta elkarteen berri emateko ere.
Berlinaleren 73. edizio honetarako Basque. Audiovisual. katalogoaren bertsio berria prestatu da, non garapen fasean nahiz eskuragarri dauden euskal proiektuak eta Kimuak 2022 film laburren hautaketa biltzen diren. Argitalpen hori programatzaileen, nazioarteko salmenta-eragileen, plataformen eta sektoreko beste eragileen eskura jarriko da.
´20.000 erle espezie´ eta ´Samsara´ berlinalen estreinatuko dira
Esti Urresolaren opera prima, ‘20.000 erle espezie’ filma, Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdiko Sail Ofizialean parte hartzeko aukeratu dute. Proiekzioa otsailaren 22an, asteazkena, izango da.
Berlinale, zalantzarik gabe, zuzendari arabarraren filmaren mundu mailako estreinaldirako eszenatokirik onenetakoa da. ‘Cuerdas’ film laburrarekin izan duen arrakastaren ondoren iritsiko da Berlinera bere opera primarekin. Nabarmendu behar da film laburrarekin Fikziozko Film Labur Onenaren Goya Saria eskuratzeko aukera duela eta Kritikaren Asteko Le Rails d´or saria jaso zuela Cannesen. Sirimiri Filmsek, Gariza Filmsek eta Inicia Filmsek ekoitzi dute, EiTB, ICAA, Movistar Plus eta RTVEren laguntzarekin.
Bestalde, estetikoki ausartak diren zinemagile independente eta berritzaileen lanak sustatzea helburu duen Encounter Sailak ‘Samsara’ filma aukeratu du aurtengo ediziorako. Lois Patiñok zuzendutako eta Señor y Señorak ekoiztutako film luzea da. Bertan, Vigoko zinemagileak heriotzari buruzko hausnarketa egiten du erlijiotasun budistaren ikuspegitik.