“Inondik inora ez da oztoporik egon hizkuntza aldetik, aitzitik ateak ireki dizkigu”
Euskara. Kultura. Mundura.
Negu hurbilak Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Adrià Rocak eta Nicolau Mallofrék osatutako Colectivo Neguk euskara hutsean sortutako filma da eta Maluta Films eta Cornelius Films dira ekoizleak. Filma euskara hutsean egin da. 2010 urtean Zubietako herrian euskal gatazkaren testuinguruan kokatzen den ihesaldi baten istorioa da. Aktore protagonista Jone Laspiur da, baina beste guztiak Zubietako herritarrak dira, ez aktore profesionalak. Filma modu analogikoan eta 16 mm-tan grabatuta dago.
Erroitz, Uhara eta Rabassa morta film laburren ondoren Negu hurbilak da Negu kolektiboaren lehen film luzea. Locarno Film Festival Europa mailako jaialdi handienetarikoan aurkeztu dute lehen aldiz. A klaseko jaialdi honen 76. edizioan Negu hurbilak filmak mundu mailako estreinaldia izateaz gain epaimahaiaren aipamen berezia jaso du zinemagile hasiberriei zuzendutako ‘Cineasti del Presente’ sailean.
Pelikularen zuzendari diren Mikel Ibargurenek (Zestoa, 1995) eta Ekain Albitek (Zumaia) filmaren eta bere sortze prozesuaren nondik norakoak azaldu dizkigute elkarrizketa honetan.
Nola sortu zen filma egiteko ideia?
Ekain Albite: Behar bat sentitzen genuelako sortu zen, gaztetan bizi izan genuen garai horren inguruan hausnartzeko eta esploratzeko. Niri pertsonalki 2011. urteak gaztaroan hartu ninduen eta horregatik beti izan nuen beharra jakiteko garai hartan zer gertatu zen. Gure ingurura begiratuta herriak zauriak zituela ohartzen ginen, eta zineak zaurietan sartzeko duen borondateaz jabetuta guretzat garrantzitsua zen Euskal Herriko zauri handi horri nolabait laguntzea. Euskal herritarren artean bizipen gogor asko sumatzen genituen eta guzti hori isiltasun handi batekin lagunduta. Honen aurrean gure nahia isiltasun handi hori apurtzea zen, galdera ikur handi hori zuen isiltasunari atea jotzea.
Filmak ez du inongo momentuan euskal gizartean gertatzen dena epaitzen. Ez du ikuspuntu erradikal bat ematen, guztiz kontrakoa, hausnartu egiten du gaur egun bizi dugun egoera horren zergatiaz. Galdera horren inguruan sortu zen hain zuzen pelikula egiteko beharra, hari horri tiraka hasi ginen.
Hau zuen lehenengo film luzea da. Nolakoa izan da prozesua?
E.A.: Prozesuak eraldatu egin gaitu. Kontuan izanik hasiberriak garen lagun talde bat garela horrelako gai korapilatsu baten inguruan pelikula bat egitea erronka ikaragarria zela sentitzen genuen. Baina erronkari heldu genion eta saiatu gara ahalik eta zintzoen jorratzen gaia, bai gure filmaren parte diren guztiekin eta bai geure buruekin. Zintzoak izaten saiatu gara arlo politikoan, asko galdetuz eta batez ere asko entzunez.
Bestalde, Zubietak eta bertan bizitako esperientziak guztiz eraldatu gaitu, eta baita pelikula ere. Bertan bi urte pasa izanak, bertako bizitza ezagutu izanak eta Euskal Herria eta euskalduntasuna ulertzeko beste modu batekin harremanetan egon izanak aldatu egin gaitu, beste pertsona batzuek bihurtzeraino. Filma horren isla ere bada, eta oso harro gaude: zintzotasunez, ausardiaz eta umiltasunez aurre egin diogulako prozesu horri. Laburbilduz, pelikula gure bizipenaren isla da eta prozesu horretan oso garrantzitsua da gu mugimenduan egon garela momentuoro.
Filma euskara hutsean egin duzue. Nola eragin du honek filma nazioartean aurkezterakoan?
Mikel Ibarguren: Ez dugu dudarik eduki filma euskaraz grabatzeko garaian: bai Ekain eta bai ni euskaldunak gara; Nafarroan grabatu nahi genuen, Zubietan; Jone Laspiur protagonista bera ere euskalduna da. Beraz, gure hizkuntzarekiko hautua oso garbia eta fidela zela bagenekien. Are gehiago, hurrengo proiektuetan pentsatzen jartzen garenean Euskal Herriari eta euskarari oso lotuta ikusten dugu geure burua zentzu horretan. Nik uste dut euskal artistok eta sortzaileok badugula erantzunkizun bat gure herriko gauzak gure hizkuntzarekin kontatzeko.
Nazioartean esango genuke filma euskaraz egin izana zerbait ‘ona’ eta erakargarria bezala ikusten dela. Nik uste dut nazioartean ateak irekitzen dituela, izan ere, euskara bezalako hizkuntza gutxitu eta maitatu bat, batzuk ia ezagutzen ez duten hizkuntza bat, pelikula batean entzuteak, gure alde jokatzen du zentzu guztietan. Pelikulan euskara, Euskal Herriko paisaiak eta euskal kultura ageri dira, eta horrek jende asko erakarri du. Hizkuntzagatik eta kokalekuagatik galdetu digute askok.
Inondik inora ez da oztoporik egon hizkuntza aldetik, aitzitik ateak ireki dizkigu eta gure buruari fidelak izaten jarraitu dugu nazioartean eragina izateko. Izan ere, Locarnon egotea bada euskal zinema nazioartean jartzeko aukera bat eta sari bat irabazteak gure izena ezagutzera emateko aukera paregabea da. Guretzat ohore bat da ‘Negu Hurbilak’ekin gure aletxoa jartzea azken urteetan euskal zinemaren ekoizpenak nazioartean zabaltzeko egiten ari den bide horretan.
‘Work In Progress’ jaialdietan egon zarete lehenago, baina nolakoa izan da lehenengo aldiz Locarno Film Festival nazioarteko zinema jaialdian egotea?
E.A.: Esperientzia ikaragarria izan da. Ez gara aurretik inoiz egon horrelako zinema jaialdi batean. Work In Progress jaialdi txikiago batzuetan egon gara baina lehenengo aldia da pelikula amaitua publiko zabal bati erakusten dioguna eta prozesua oso polita izan da, baina beldurra ere ematen zigun. Orain arte ingurukoei soilik erakusten genien pelikula bat izatetik bapatean publiko bihurtzea eta edonork pelikulaz hitz egin ahal izatea prozesu ilusionagarria da baina aldi berean errespetu pixka bat ematen diguna.
Gainera niretzat garrantzitsua da zineak eta sorkuntzak eragin soziala izatea eta zentzu horretan lortu dugu gure filmak jendearen barnean zerbait mugitzea. Guretzat garrantzitsua da zerbait astintzen ari garela sentitzea, are gehiago gai korapilatsu honekin eta garai konkretu honetan. Aldeko jendea egotea, kontrako jendea, finean iritzi ezberdinak egoteak, filmak mugimendua eragiten duela esan nahi du, eta hori, guretzat positiboa da.
Zer eragin izan du zuentzat Locarnoko jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia lortzeak? Espero al zenuten?
M.I.: Filma oso diru gutxirekin egin da, esango nuke Locarnoko film txikienetakoa dela. Hori kontuan izanik, guretzat amets bat izan da Locarnon egotea, munduko jaialdi onenetako batean estreinaldia izatea. Jaialditik deitu gintuztenean zuzendaria filmaz maitemindu zela esanez, guretzat sinestezina zen. Locarnon egun zoragarriak pasa ditugu, filma asko maitatu dute eta mundu mailako kritikariek oso ondo jarri dute pelikula. Horrek ate asko ireki dizkigu.
Deitu zigutenean saria emango zigutela esanez ezin sinetsita ginen. Munduko zinegile onenekin lehiatzen ari ginen eta asko maite ditugun zuzendariak zeuden bertan. Balio handia izan du guretzak mundu mailako lehia horretan epaimahiak gu horrenbeste baloratzea eta hainbeste gauza on esatea. Hau hasiera besterik ez da izan.
E.A.: Locarnoko Film Jaialdia ikaragarria izan da alde batetik, baina baita ere errespetua ematen zigun prozesua. Hala ere, harrera ikaragarria izan da, eta aipamen berezia jasotzeak harrotasun handia ematen eta ilusio handia ematen digu lanean jarraitzeko eta bazterrak arrotzeko.
Aurrera begira zein ibilbide izango du filmak?
M.I.: Esan bezala filma oso oso txikia da eta pixkanaka joan dira sartzen ekoiztetxeak. Orain sartu berri da distrubuidora eta filmak merkaturatzeaz arduratzen den enpresa banatzailea. Egia da Locarnon egoteak lagundu duela filmak babesa izan dezan. Estreinaldi nazionala itxita daukagu eta Kataluniakoa ere bai. Orain batez ere gure asmoa jaialdietan ibilbide luzea izatea da, aditu gehienek esan baitigute filma oso aproposa dela jaialdietarako. Beraz, denboraldi luze batean jaialdietan ibiliko gara. Munduan zehar ibiliko gara film hau aurkezten, erakusten eta gozatzen.
Zinema aretoetarako estreinaldian ere pentsatzen ari gara. Baina jakin badakigu gure filmak ezin duela merkatuan dauden beste film estandarrekin lehiatu: aurrekontu txikia dugulako eta marketing eta publizitate aldetik ere askoz ere txikiagoak garelako. Horregatik, gure helburua ezin du izan inondik inora zinema aretoetan irautea.
Beraz, jaialdietan murgilduta ibiliko gara eta zinema aretoetan ere estreinua izango du, baina jakitun izanda zein pelikula mota den eta zein aurrekonturekin egin den. Orain jaialdiez, bidaiez, eta jendeaz gozatzeko unea dugu.