Elkarrizketa: Santi Ugalde, Trapu Zaharra antzerki konpainiako kidea

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-05-25

Valladolideko (Espainia) kaleak 170etik gora ikuskizunen eszenatoki bilakatu dira egunotan. Kale antzerkia, zirkua, mimika edo dantza bezalako diziplinek dute lekua Nazioarteko Antzerki eta Kaleko Arteen Jaialdian (TAC), Estatuan egiten den era honetako ekitaldi garrantzitsuenetakoan. 15 herrialde ezberdinetako 63 konpainiak parte hartuko dute, Eusko Jaurlaritza eta Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin doazen hiru euskal konpainia tarteanTrapu ZaharraKukai Dantza & Brodas Bros eta Zanguango Teatro taldeek osatzen dute aurtengo euskal ordezkaritza. Trapu Zaharra konpainiako Santi Ugalderekin hitz egin dugu -Leioako Umore Azokako Ohorezko Saria jaso berri dute-, Euskal Herriko kale antzerkiaren erreferenteetako bat eta ohiko gonbidatua jalaldi honetan.

Zer da Trapu Zaharra? Noiz sortu zen?

Trapu Zaharra duela 35 urte sortu zen, gutxi gora behera. Lekeitioko (Bizkaia) hondartzan hasi ginen ensaiatzen, beste lekurik ez genuen eta. Bakereke, garai hartako talde ezagunaren eskutik hasi zen dena. Bi pertsona atera ginen bertatik: Txema Ocio, gidoilaria; eta ni neu. Txema irakaslea zen Lekeition eta han hasi ginen elkarrekin lanean. Aurrerago kasualitatez Trintxerpera (Pasaia, Gipuzkoa) joan ginen. Bertan jende berriarekin lan egiteko aukera izan genuen, horien artean Kike Santiago. Oroitzen dut nola behin etxea eta entsegurako lokala utzi zizkigun bera kanpoan zela. Horri esker antolatu ahal izan genuen gure lehen ikuskizuna.

Zer gai jorratzen dituzue ikuskizunetan?

Aktualitateko gaiak lantzen ditugu, jendearengandik gertu daudenak. Errealitatean errotuta gaude. Lokalismoekin egiten dugu lan eta egunerokotasunean gertatzen diren istorioak identifikatzen ditugu: greba orokorrak, ikasi edo lan egin ezin duten pertsonak... Gai batzuk Euskal Herriarekin lotuta daude, baina gai globalak ere ukitzen ditugu.

Zuen azken lana, A cal y canto, Valladolideko TAC jaialdian estreinatuko duzue.

Halaxe da. Modu desesperatuan semearentzat lana aurkitzen saiatzen ari diren guraso batzuen istorioa kontatzen du. Zientzia-fikzioa dirudien arren, eguneroko bizitzan badira horrelako kasuak. Bestalde, Leioako (Bizkaia) Umore Azokan izan gara. Sefiní lana aurkeztu dugu bertan: problema ekonomikoen zama daramaten bi komikoen istorioa. Euskal Herriko eta Estatuko aktore askoren egoera azaltzen duela iruditzen zait. 

Zer suposatzen du zuen konpainiarentzat TAC bezalako jaialdi batean parte hartzeak?

TAC oso ondo antolatuta dago, hori du ona. Ondo zainduta eta landuta dagoen proiektua da. Hasieratik babesten zaituzten profesionalekin egoteko aukera duzu. Kale antzerkia oso ezaguna da herrietako festen testuinguruan, hala ere, aberasgarria litzateke Euskal Herrian TACen antzerako zerbait egiteko gaitasuna edukitzea. Honela kale antzerkiak nortatsun eta babes pixka bat gehiago izango luke.

Beste euskal konpainia batzuekin egongo zarete Valladoliden: Kukai Dantza & Brodas Bros, eta Teatro Zanguango. Urte hauetan zehar elkar ezagutu eta oholtza partekatzeko aukera izango zenuten....

Bai, Zanguangoko kideekin harreman estua dugu eta istorio asko bizi izan ditugu elkarrekin. Kukairekin ere gurutzatu izan gara hainbat jaialditan. 

Zer duzue eskuartean etorkizunera begira?

Erretiroa hartzea (barreak). Sefiní lanak, adibidez, nire momentu kreatiboa eta, batez ere pertsonala definitzen ditu. Ez dakit geldialdi tekniko bat izango den edo zerbait gehiago. 35 urte daramatzat anzerkigintzan lanean, ikuskizun askotan parte hartu dut. Agian geldialdi bat behar dut.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu