Eloise Garmendia Bieter Katedra: Larraitz Ariznabarreta
Euskara. Kultura. Mundura.
-
14Mar 202431Mar 2024Boise
Etxepare Euskal Institutuak Boise State University-n (BSU) sustatzen duen Eloise Garmendia Bieter Katedrako aurtengo ikertzaile gonbidatua Larraitz Ariznabarreta izango da, kulturaniztasunean doktorea eta Euskal Ikasketetan aditua.
‘Diasporako harmoniak: Trantsizioko euskal folklorearen eta tradizioen berri ematea’ izenburuko ikerketa landuko du Boisen, martxoaren amaierara arte. Ikerketa euskal tradizioen iraunkortasun, aldaketa eta eboluzioaren dinamikan murgiltzen da, diasporak bizi izan duen bezala. Folklorearen konplexutasun eta kontraesanak argitu nahi ditu identitatearen eraketan. Bere ikerketek exotismoa, kultur jabetzea eta kulturaren merkantilizazioa bezalako gaiak ere aztertzen dituzte.
Ikerketak aztertuko du tradizioaren elementuek nola eratu eta eutsi dioten euskal nortasunari bere jaioterritik haratago, eta aztertuko du nola euskal kulturaren alderdi tradizional horiek diasporako komunitateetan birdefinitu eta biziberritu diren, esanahi bateratzaile eta sinboliko bat izateko.
Ariznabarretak hainbat eskola eta hitzaldi emango ditu bere egonaldian zehar.
Etxepare Euskal Institutua eta Eloise Garmendia Bieter Katedra
2015an abiatutako Eloise Garmendia Bieter Katedrak euskara eta euskal kulturarekin harremana duten gaien irakaskuntza eta ikerkuntza bultzatzen du. Katedrak Boiseko alkatearen David H. Bieterren -euskal lurraldetik kanpo euskara dakien alkate bakarra- amaren izena darama, euskal kulturarekiko izandako konpromisoagatik eta komunitatean jokatutako rolarengatik.