Eneritz Furyak eta Mocker’s taldea Suns Europe jaialdian

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-11-27

Hizkuntza gutxituetan egindako adierazpen artistikoak biltzen dituen Suns Europe jaialdia (Udine, Friul, Italiar Estatua) bueltan da: azaroaren 15etik dago abian, hilaren 30era bitarte. Beste urte batez, Etxepare Euskal Institutuaren sustapenez, bi euskal proposamen izan eta izango dira bertan, kasu honetan musikaren esparruan: Eneritz Furyak bakarlaria eta Mocker´s taldea, hain zuzen.

Udineko eszenatokian taularatzen lehen euskal artista Eneritz Furyak izan zen. Irundarrak azaroaren 15ean eta 16an eskaini zituen emanaldiak, bi kasuetan artista friuldarrek jarraituta; 15ean Michela Franceschina eta, 16an, Silvia Michelotti. Furyak-ek bigarren aldia du jaialdian; izan ere, 2016an bere aurreko formazioarekin, Kasernarat, taularatu zen bertan. Oraindik taularatu ez, baina laster egingo dutenak Mocker’s taldekoak izango dira. Azaroaren 30ean, jaialdiaren azken egunean, eskainiko dute euren kontzertua rocka jorratzen duten durangar hauek.

Suns Europe

Friuleraz “soinuak” esan nahi du “suns” hitzak. Mediterraneoko Alpeen eremuko komunitate gutxituen arteko topaketa bezala hasi zen 2009. urtean, baina 2015. urteaz geroztik egiten da gaur egungo eran: Europa osoko hizkuntza gutxituetan eginiko arte eszenikoen, zinemaren eta literaturaren arteko elkartrukerako jaialdi gisa.

Bere helburua hizkuntza komunitate txikien sektore kultural eta sortzaileak indartzea da, batez ere arte garaikidea sustatzeko. Hau da, hizkuntza gutxituen berme diren beste hainbat jaialdik ez bezala, honek ez ditu kultura horiek tradizio eta folklore moduan ulertzen, baizik eta etengabeko bilakaeran eta eraberritzean oinarritutako gizarte moduan. Duela hiru urtetatik, euskal arteak ere izan du oihartzuna bertan, Kasernarat, La Basu edota Rodeo bezalako izenen bitartez.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu