Enzo Damelio eta Mexikoko ikasleak, Korrikako lehiaketaren irabazleak!

2019/04/02

Euskara. Kultura. Mundura.

Bi egun soilik falta dira 21. Korrikak bere ibilbideari ekin diezaion eta guk dagoeneko baditugu, AEKrekin elkarlanean, abian jarri genuen bideo lehiaketako bi garaileak

Bi egun soilik falta dira 21. Korrikak bere ibilbideari ekin diezaion eta guk dagoeneko baditugu, AEKrekin elkarlanean, abian jarri genuen bideo lehiaketako bi garaileak.

Euskal Etxeetako bideoen artean, La Platako (Argentina) Euskal Etxean euskara ikasten dabilen Enzo Dameliok irabazi du 1.470 “gustuko dut” jasota, eta nazioarteko hainbat unibertsitatetan euskara eta euskal kultura ikasten dihardutenen artean, berriz, Mexiko Hiriko (Mexiko) UNAM unibertsitateko ikasleak gailendu dira 1.122 botorekin. Mexikarrek saria irabazten duten bigarren aldia da, duela bi urte ere eskuratu baitzuten. ZORIONAK bi irabazleei!

Munduko zenbait txokotatik bidalitako 29 bideo jaso ditugu aurten eta bi astez egon da irekita bozkatzeko epea. Bi irabazleek (UNAMekoek euretako bat aukeratu beharko dute saria baliatu dezan) udan AEKren barnetegi batean egonaldia egiteko aukera izango dute, euren euskara landu eta Euskal Herria ezagutu dezaten.

Korrikaren 21. edizioa apirilaren 4tik 14ra ospatuko da Euskal Herrian zehar, baina euskararen aldeko mezua mundu osora zabaltzea ere bada ekimen honen asmoa, Korrika Munduan programaren bitartez. Lehiaketaz gain, mundu osoan zehar 30 Korrika baino gehiago antolatuko dira 20 herrialde ezberdinetan Euskal Etxeei, Euskal Etxei, Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko unibertsitate sareari eta hainbat lekutako euskal komunitateari esker.

Egin klika hemen lehiaketan parte hartu duten bideo guztiak ikusteko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu