Erakusketa: Gonzalo Chillida

Euskara. Kultura. Mundura.

Erakusketa: Gonzalo Chillida
  • 09
    Aza 2021
    28
    Ots 2022
    Paris (Frantzia)

Cervantes Institutuak eta Acción Cultural Españolak (AC/E), Etxepare Euskal Institutuarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin batera, Gonzalo Chillida erakusketa antolatu dute Parisko Cervantes Institutuan ikusgai egongo dena azaroaren 9tik otsailaren 28ra.  

Gonzalo Chillida (Donostia, 1926-2008) Espainiar estatuan abstrakzio lirikoaren figura adierazgarrienetako bat da. 

Artearen historialari eta komisario independente eta artistaren alaba den Alicia Chillidak komisariatuta, erakusketak 34 margolan, 10 litografia eta 180 argazki eta fotocollage inguru biltzen ditu, Gonzalo Chillidaren zeregin artistikoaren adierazgarri.  

Erakusketan, gainera, 2016an Alicia Chillidak eta Benito Maciasek zuzendutako La idea del Norte filmaren proiekzioa sartu da. 40 minutuko iraupena duen filmak areago sakontzen du pintorearen sormen-prozesuan eta bere ibilbidean zehar behin eta berriz jorratu zituen motiboak –itsasoa, harea, basoa, zerua...– behatzeko zuen gaitasunean. Ahots gogoetatsu batek artistaren artxiboko materiala –Super 8 formatuko filmak eta jatorrizko argazkiak– bere obraren hiztegi bisualaren esentzia bihurtzen du. Dokumentalean, gainera, artistaren bizitzarekin lotura duten pertsonek esku hartzen dute, eta bizitoki eta lantoki izan zituen lekuak berreskuratzen ditu.  

Erakusketa dela-eta, argitalpen bat argitaratu da –euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta japonieraz–, Alicia Chillidaren aurkezpen batekin eta Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariaren epilogo batekin, eta Gonzalo Chillidaren lanari denboran zehar lagundu zioten egileen idazkiak berreskuratzen ditu: José Ángel Irigaray (Iruñea, 1942) eta Gabriel Celaya (Hernani, Gipuzkoa, 1911-Madril, 1991) poetak, Antonio Saura margolaria (Huesca, 1930-Cuenca, 1998) eta Francisco Calvo Serraller historialari eta arte-kritikaria (Madril, 1948-2018).  

Erakusketa Erroman (2022ko martxoa/ekaina) eta Tokion (2022ko uztaila/urria) ere egongo da ikusgai, eta ibilbidea Bilboko Arte Ederren Museoan bukatuko du, 2023an. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu