Etxepare Euskal Institutuak 2019ko Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpenarekin bat egiten du

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-12-03

Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, EUDELek eta UEMAk adierazpen instituzional bat adostu eta kaleratu dute gaur ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. ´Bide berriak, modu berriak. Ongi etorri etorkizunera´ du izenburu, eta Etxepare Euskal Institutuak atxikipena adierazi nahi izan dio adierazpen horri.

Eusko JaurlaritzakArabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekGasteizko, Bilboko eta Donostiako udalekEUDELek eta UEMAk adierazpen instituzional bat adostu eta kaleratu dute gaur ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. ´Bide berriak, modu berriak. Ongi etorri etorkizunera´ du izenburu, eta Etxepare Euskal Institutuak atxikipena adierazi nahi izan dio adierazpen horri.

Adierazpenean, aipatutako erakundeek nabarmendu dute ezinbestekoa dela euskara "etengabe eguneratzea, eraberritzea eta irudimenez biziagotzea". “Argi erakusten ari gara euskalgintzan ari garen guztiok prest gaudela, eta gogotsu, irakaspena barneratzeko eta praktikan mamitzeko”, azpimarratu dute. Adostutako adierazpena gaur bertan Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldi ofizialean irakurriko da, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Azken urteetan bezala, adierazpenak balioa ematen dio euskalgintzaren eta erakundeen arteko elkarlanari, bai eta gizartearen atxikimenduari ere: “Jarduerak adostu ditugu. Diagnostikoak hurbildu ditugu. Ekimenak josi ditugu elkarrekin. Elkarrekin ebaluatu dugu egindakoa. Elkarrekin hobetuko dugu hobetu beharrekoa. Eta gizarteak erantzun sendoa eman du, onetsiz euskararen erabilera era iraunkor eta argian handiagotzeko estrategia eta molde berriak”.

Halaber, lehengo urtean ofizialki hasiera izan zuen eta bi urtean behin errepikatuko den Euskaraldia bezalako ekimenak goraipatzen ditu adierazpenak, eta euskal hiztunak aktibatzeko horrelako jarduerak egitea beharrezkotzat jotzen du. Hala ere, azpimarratzen dute Euskaraldiaz harago bestelako bideak jorratu behar direla euskararen erabilera indartzeko: “Ugari dira berariazko lanketa eskatzen duten alorrak, eta horien guztien artean bada bat gizarte-bizitzaren gune-gunean dagoena: ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen arloa, hain zuzen ere, gizartearen eta herritarron bizitzaren motore nagusia baita”.

Ikusi eta deskargatu adierazpen osoa hemen.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu