Etxepare Euskal Institutuak Euskararen Eguna munduko sei hiritan ospatuko du
Euskara. Kultura. Mundura.
Urtero legez, Euskararen Nazioarteko Egunean –abenduaren 3an- gure hizkuntzaren oihartzuna Europa eta Ameriketako zenbait txokotara iritsiko da Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen bidez antolatutako kultur programen bidez. Horrela, Institutuak euskara ikasten ari diren 1.500dik gora ikasleei eta euskara eta euskal kultura irakasten duten 29 irakurleei aitortza egin nahi die. Egun munduko 18 herrialdetako 34 unibertsitatetan eskaintzen dira euskara eta euskal kultura klaseak.

Aurten sei hiritan antolatu dituzte izaera ezberdineko ekintzak azaroaren 23tik hasita abenduaren 12ra bitartean luzatuko diren ospakizunetan: Santiagon (Txile), Bolognan (Italia), La Platan (Argentina), Habanan (Kuba), Cork-en (Irlanda) eta Bartzelonan.
Santiago izan zen ospakizunekin hasten lehena: hitzaldi, pintxo dastaketa eta euskara tailerra tarteko, Bertsolari (Asier Altuna, 2011) dokumentala eskaini eta euskara eta euskal kulturaren inguruko stand-a antolatu zuten azaroaren 23an, egun osoz luzatu zen ekitaldian.
Bolognan Iban Zaldua idazlearen hitzaldiaz gozatuko dute parte hartzaileek, eta ondoren Amama (Asier Altuna, 2015) filma ikusteko aukera izango dute. La Platan, aldiz, ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte bertako Euskal Etxearekin lankidetzan: hitzaldiak, mintzodromoa, dokumentalak...
Habanan musika izango dute protagonista euskal abestiak jotzen dituzten kubatar artisten kontzertua antolatu baitute. Cork-en, bi hitzaldi eskainiko dituzte; eta azkenik, Bartzelonan, Rafa Ruedak bi hitzaldi musikatu egingo ditu. Aurretik taularatu gabeko formatua da azken hau.
Oharra: ikusi programa osoa.