Etxepare Euskal Institutuak munduan ospatuko du Euskararen Eguna
Euskara. Kultura. Mundura.
Nazioartean ere ozen entzuten da euskararen taupada, mundu osoko euskaldun berrien bihotzetan. Etxepare Euskal Institutuak 17 herrialdetako 34 unibertsitateetan dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzetan euskara irakasten eta ikasten duten mundu osoko lagunei aitortza egin nahi die aurten Etxeparek, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak gaur Donostian azaldu duenez, Euskararen Eguna -abenduak 3- sare horretan era berezian ospatuz. Mari Jose Olaziregi Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariak azpimarratu duenez, gainera, sarea nabarmen hazi da azken 5 urteotan –Institutua sortu zenetik-: Etxeparek Unibertsitateekin lortu dituen hitzarmenen kopurua %56 igo da; ikasleen kopurua, berriz %62-a.
Beraz, aurten ere Euskararen Eguna nazioartera eramango du Etxepare Euskal Institutuak: 9 programa ezberdin antolatu eta sustatu ditu, nazioarteko 7 hiri ezberdinetan. Horietako batzuk Etxepareren unibertsitate sareko irakasleek atondutakoak dira: Mosku (Errusia), Birmingham (Erresuma Batua), Szeged (Hungaria) eta Poznan (Polonia) hirietan hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, lehiaketak eta zine emanaldiak izango dira, esaterako.
Guadalajaran (Mexiko) izango den FIL azokan eta Mexiko DF hirian euskal literatura sustatzeko hainbat ekimen antolatu ditu Institutuak; bertan da honezkero Arantxa Urretabizkaia idazlea, gure literaturaren ordezkari gisa. Montevideon (Uruguai), Euskal Zine Erakustaldia antolatu dute Cinemateca Uruguaya, Territorios y Fronteras, Zinebi eta Etxeparek: 8 film luze eta 8 labur emango dituzte, azken urteotako esanguratsuenak; erakusketa bat eta mahai-inguru bat ere antolatu dituzte.
Eta Montevideon bertan Euskararen Eguna ospatuko dute Nevada, Reno-ko Center for Basque Studies-ek eta bertako Euskal Erria Eusko Etxeak Institutuaren babesarekin antolatutako programa zabalean. Alor akademikoan, hitzaldiak eta liburuen aurkezpenak egingo dituzte. Eta alderdi instituzionala era ez da nolanahikoa izango, ekitaldi ofizialean Jose Múgica Uruguaiko Presidente ohia esku hartuko baitu, besteak beste.
Gainera, Institutuak poloniar editoreak eta kazetariak ekarriko ditu egunotan Euskal Herrira, Donostia 2016 egitasmoa, hainbat kultur gune eta Durangoko Azoka ezagutu ditzaten. Eta bereziki euskal idazle eta editoreekin harremanetan jar daitezen; horretarako, hainbat topaketa eta jarduera antolatu ditu Etxeparek. Ez da ekintza bakan bat, noski. Mari Jose Olaziregik azpimarratu duen modura, Institutua euskal literaturaren egiturazko hutsune bat betetzen ari da, nazioarteko bihurtzeko behar den egituraren gabeziarena; horri lotuta daude Etxepareren zabalkunderako egitasmoak eta euskal literaturaren itzulpengintza sustatzen dutenak. Irailetik hona soilik, 17 nazioarteko jarduera antolatu ditu Institutuak helburu horrekin.