Etxepare Euskal Institutuak normaltasunez jarraituko du lanean egunotan
Euskara. Kultura. Mundura.
COVID-19 birusaren hedapena murrizteko espainiar estatuak martxan jarri dituen neurrien aurrean, modu partzialeko telelanaren bitartez bada ere, Etxepare Euskal Institutuak zabalik jarraitzen duela adierazi nahi dugu honako oharrean. Normaltasunez jarraituko dugu lanean berrogeialdi honetan, euskal kulturaren zabalkundearen eta zuen zerbitzura.
Alarma egoerak irauten duen bitartean, jendaurreko arreta kenduta, betiko moduan aurkituko gaituzue edozein kontsulta egiteko: 943 023 400 telefonora deituz edota gure helbide elektronikoetara idatziz. Institutuko langileon kontaktuak eta helbide elektronikoak gure webgunean aurki ditzakezue: www.etxepare.eus
Koronabirusaren eraginez, ordea, Etxepare Euskal Institutuaren parte-hartzearekin kontatzen zuten nazioarteko hainbat hitzordu bertan behera edota atzeratuta geratu dira; hala nola jaialdi, azoka eta kultur programak, edota unibertsitateetako katedra akademikoen egitarauak eta irakurletzetako kultur ekintzak. Horiek guztiak ahalik eta azkarren berrantolatzeko ahaleginetan ari gara.
Hala ere, nazioartean kudeatzen ditugun euskara eta euskal kulturako irakaskuntzako zerbitzu gehienek martxan jarraitzen dute. Modu presentzialean ez bada ere, ia unibertsitate guztietan irakurletzen eskaintza akademikoa martxan dago, online bidez. Euskal Etxeetako euskara eskola asko ere online bideratu dira eta denak horrela eskaini daitezen lanean ari gara.