Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Sarira hautagaiak aurkezteko epea ireki da

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-06-04

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek itzultzaileen ezkutuko lana nabarmendu nahi du.

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek itzultzaileen ezkutuko lana nabarmendu nahi du.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2017. urtean argitaratutakoa izatea. Eskabideari dagokionez, itzultzaileak berak, argitaletxeak edota liburugintza, literatura edo itzulpengintzaren arloko beste eragile batek egin dezake.

4.000 euroko sari bakarra emango da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatzekoa. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere . Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 29ra arte egongo da zabalik, eta sarituak nortzuk diren urriaren 1ean emango da jakitera, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren biharamunean. Epaimahaia berriz itzultzaile profesional batek eta Etxepare Euskal Institutuko eta LABORAL Kutxako ordezkari banak osatuko dute.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, itzulpenak egiteko diru-laguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren oinarriak www.etxepare.eus webgunean argitaratuko dira ekainaren 4an.

Azken urteetako irabazleak:

2015
Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea
Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia)
Poesia antologia
Galegoa

2016
Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea
Mussche (Kirmen Uribe)
Eleberria
Japoniera

2017
Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko
Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga)
Eleberria
Ukainera

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu