Etxepare Manilan eta Tokion, euskara eta euskal kultura bertan sendotzeko ahaleginetan
2016/02/22
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskara eta euskal kultura munduratzeko zereginetan, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga eta Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendari Mari Jose Olaziregi Manilan (Filipinak) eta Tokion (Japonia) izan dira joan den astean, hainbat eragilerekin harremanak sortu edota sendotzeko asmoz.
Manilan hainbat erakunderen ordezkariekin bilerak antolatu dituzte. Horien artean Ateneo Manila University-rekin izandako harremana da azpimarratzekoa; izan ere, unibertsitate horrek hartuko duen Euskal Ikasketen programa diseinatzen hasiak dira bisita honetan. Helburu horrekin, bilerak izan dituzte Aita Villarín unibertsitateko presidentearekin eta Aita Cruz presidenteordearekin. Topaketa zehatzak ere burutu dituzte bertan Ricardo Abad Soziologia-Antropologia Departamentuko presidentearekin eta Fernando Zialcita eta Aitor Anduaga fakultateko irakasleekin,
Manilako beste hainbat erakunderen arduradunekin hitzorduak egiteko parada ere izan dute, hala nola Ortigas Foundation, Fundación Inchaustiko, edota Manilako Cervantes Institutuko zuzendariekin.
Japoniako egonaldian ere atseden gutxi izan dute Etxepareko ordezkariek: TUFS unibertsitatean Institutuaren bitartez euskara eta euskal kultura irakasle diren Nami Kaneko eta Sho Hagio irakasleekin lanean aritzeaz gain, TUFS (Tokyo University of Foreign Studies) unibertsitatea bera ere bisitatu dute Aizpea Goenagak eta Mari Jose Olaziregik, non Hirotaka Tateishi presidenteak eta Junko Kume errektoreak harrera egin diete. Horrez gain, Euskara eta Euskal Kultura irakurletza sendotzea helburu, hainbat irakaslerekin ere bildu dira, Xabi Alastruey euskaldunarekin, kasu.
Bestalde, Institutuaren diru-laguntzaz japonierara itzulitako Kirmen Uriberen "Mussche" liburua Tokioko liburudendetan salgai eta toki nabarmenean dagoela ere egiaztatu dute, eta bertako euskal komunitatearekin ere elkartu dira. Hiria utzi aurretik, EU JAPAN FEST jaialdiko arduradun Kogi jaunarekin ere topaketa bat burutzeko tartea ere hartu dute, bidaia emankor honi amaiera emanez.