Euskadi – Japonia 2023

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-07-26

Euskadi – Japonia 2023 ekimenak Euskadiren nazioartekotze estrategian lehentasunezkoa den herrialde honekin harremanak sendotzea du helburu. Azken urteetan bi herrialdeetako eragile eta arduradun politikoen bisita eta bilerei esker lankidetza kanalak ireki ostean, ekimen aitzindari honen bidez aldebiko proiektuak sustatuko dira, bai Japonian, bai Euskadin, jarduera-eremu ezberdinetan: erakundeak, ekonomia, enpresa, kultura, gastronomia,  turismoa…

Uztailaren 22an, kultur alorrean aldebiko lankidetza sustatzeko markoa aurkeztu zen Donostiako Tabakaleran Euskadiko jaialdi, kultur programazio eta kultur azpiegitura nagusietako ordezkarien aurrean.

Ekitaldian Marian Elorza Euskadiren Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Keiko Morito Japan Foundationeko Madrilgo egoitzaren zuzendariak eta Alejandro Rodriguez erakunde horretako kultura eta arte programen koordinatzaileak hartu zuten parte.

Elorzak adierazi zuen gobernu mailan sail guztiak Japoniara begira jarriko direla eta ahalegin berezia egingo dela aldebiko egitasmoak burutzeko.

Kultur alorrean ere, Etxepare Euskal Institutuak eta Japan Foundationek bi herrialdeen arteko joan-etorriko proiektuak garatzeko erraztasunak jarriko dituzte. Bi erakunde hauetako arduradunek eskaintzen dituzten dirulaguntzen berri eman zuten ekitaldian.

Japan Foundation

Japan Foundation 1972. urtean sortutako erakundea da, eta Japonia eta beste herrialdeen artean nazioarteko kultur elkartrukea eta elkar ezagutza sustatzea du helburu.

Hiru jarduera esparrutan egiten du lan fundazioak: arte eta kulturako elkartruke programak, japoniar ikasketen eta elkartruke intelektualeko programak, eta japoniar hizkuntza ikasteko programak.

Japan Foundationek bi dirulaguntza mota eskaintzen ditu urtero: Japan Foundationen egoitza nagusiak deitutakoak eta Madrilgo egoitzatik tokian-tokiko proiektuak sustatzeko deitzen dituztenak.

Japan Foundationen dirulaguntza programa

Erakundearen egoitza nagusitik kudeatzen dira. Nazioarteko elkartruke proiektuak egiteko asmoa duten banakakoei eta erakundeei zuzenduta daude, eta helburua da egitasmo horiek erraztea. Proiektuak erakundearen jarduera esparruetakoren batean kokatu behar dira. Hurrengo deialdia irailean egingo da, 2023ko apirila eta 2024 maiatza bitarte gauzatuko diren proiektuentzat zuzenduta.

  • Japoniako norbanako eta erakundeentzat:

Atzerrian proiektu kultural edo artistikoak gauzatzeko. Bidaia gastuen zati bat ordaintzen da. Helburua da artista eta Japoniar kulturan espezialista direnei nazioarteko kultur ekitaldietan (arte eszenikoak, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak) parte hartzeko babesa ematea. Laguntzak artista eta espezialistek eskatu behar dituzte zuzenean, atzerritik gonbidatuak izan ostean.

  • Estatuko erakundeentzat:
  • Atzerriko museoetan (kasu honetan Euskadi) Japoniarekin loturiko erakusketak antolatzeko gastuen zati bat ordaintzen da. Atzerriko museo eta erakunde artistikoek eskatu behar dituzte, eta katalogoen ekoizpenarekin, artelanen garraioarekin eta artista, komisario edo espezialisten bidaiekin loturiko gastuak estaltzen ditu.
  • Atzerriko argitaletxeei (kasu honetan Euskadi) jatorriz japonieraz idatzitako liburuen itzulpen eta argitalpen gastuen zati bat ordaintzen zaie. Atzerriko argitaletxeek eskatu behar dituzte eta lanaren itzulpen eta argitaratze gastuen %20 eta %80 bitarte estal ditzake.

Japan Foundation Madril: tokiko proiektuentzat dirulaguntza programa

Dirulaguntza hauek Madrilgo egoitzatik kudeatzen dira. Irabazi-asmorik gabeko erakundeek sustatutako elkartruke kultural, artistiko eta intelektualerako, eta Japoniari buruzko ikerketetarako laguntzak dira.

Japan Fondationen dirulaguntzen inguruko informazio guztia hemen.

Japan Foundation Madril: beste elkarlan bide batzuk

Japan Foundationek Madrilen duen egoitzak jarduera propioak antolatzen ditu artearen eta kulturaren arloan, eta lankidetza zuzenak ezartzen ditu beste erakunde batzuekin  era guztietako kultura- eta arte-jarduerak batera antolatzeko eta laguntzeko. Hurrengo urte fiskalerako lankidetza-proposamenak abenduaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira, onartu aurretik,  erakundearen egoitza nagusian aztertu eta baloratzen dituztelako. Era guztietako erakundeek aurkez ditzakete proiektuak, baina, hurrengo urte fiskalari begira, bereziki baloratuko dituzte Euskaditik jasotako proposamenak.

Harremanetarako: alejandro.rodriguez@fundacionjapon.es

Japoniako enbaxada Espainian

Dirulaguntza zuzen bereziak

Espainian dagoen Japoniako enbaxadak dirulaguntza zuzen bereziak eskainiko ditu Japoniar kultur sortzaileek Euskadin egingo dituzten jardueretarako. Artisten ordainsariak, estatu barruko mugikortasuna, ostatua, promozioa eta itzulpengintza gastuen zati bat estaltzeko izango dira.

Harremanetarako: ambjapon@md.mofa.go.jp

Etxepare Euskal Institutua

Dirulaguntza zuzen bereziak

Etxepare Euskal Institutuaren dirulaguntzetan Japonerako mugikortasuna modu zuzenean lagunduko da. Horrekin batera dirulaguntza zuzen bereziak emango ditu kultur sustapenerako eta itzulpengintzarako.

Harremanetarako: Kizkitza Galartza k-galartza@etxepare.eus

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu