Euskadik eskualdeen ekarpena aldarrikatu du Europar Batasunaren mugaz gaindiko kultur lankidetzan
Euskara. Kultura. Mundura.
Mugaz gaindiko kultur lankidetzarako Europar Batasunaren estrategia berriak “eskualde europarren” parte-hartzea erraztuko du eta, horrenbestez, Euskadi bezalako lurraldeek kulturaren arloko proiektu ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute.
Mugaz gaindiko kultur lankidetzarako Europar Batasunaren estrategia berriak “eskualde europarren” parte-hartzea erraztuko du eta, horrenbestez, Euskadi bezalako lurraldeek kulturaren arloko proiektu ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak agertoki berri honen aurrean Europako eskualdeen papera indartzea xede duen foro baten parte hartu du Bruselan, Europar Batasuneko Eskualdeen Batzordearen egoitzan.
Bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzak bide horretan sakontzeko duen interesa azpimarratu du: “aukeraz beteriko bide bat da eta Euskadik, ikuspegi erabat europazale batetik, bide berri horretan egon nahi du, beti ere beste nazionalitate, komunitate edo eskualde batzuen eskutik”.
Sailburuak nabarmendu duenez, estrategia berriak dio “aniztasun kulturalak” Europar Batasuneko lehentasunetako bat izan behar duela eta, balio horretan, nazionalitate, komunitate eta eskualdeek duten papera aldarrikatu du.
Era berean, Euskadik kulturaren arloan edo Kultura eta Sormen Industriei (KSI) dagokienean mugaz gaindiko proiektuak sustatzeko izan duen paper aitzindaria aipatu du Zupiriak. Izan ere, Europar Batasuneko Estatu kideetako kultura institutuak biltzen dituen EUNIC sareko kide elkartu gisa kokatu du Etxepare Euskal Institutua; RICC (Regional Initiative for Culture and Creativity) sareko presidentekide da Euskadi; eta Europako Batzordeak diruz laguntzen duen Creadis3 proiektuko buru ere bada, Estatu bat eta bost eskualde barne hartzen dituen proiektua.
Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak koordinatu dute foroa, Emilia-Romagnako eta Friuli Venezia Giuliako gobernuekin batera. Forora kultura-politikaren eta Europako kanpo-ekintzaren arloetako 150 ordezkari baino gehiago bertaratu dira, eta Miren Arzalluz, Etxepare Institutuko zuzendariak ere parte hartu du.
Informazio gehiago esteka honetan.