Euskal artearen historia aztergai Eloise Garmendia Katedran

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-04-12

AEBetako Boise State unibertsitatean egiten den Eloise Garmendia Katedrak badu egitaraua jada, eta apirilaren 16an da hastekoa. Ikasturte honetan, Ismael Manterola artearen historiako irakaslea gonbidatu dute unibertsitatean graduondoko saio bereziak ematera. Katedrak euskal artearen historiako hainbat alderdi izango ditu hizpide.

AEBetako Boise State unibertsitatean egiten den Eloise Garmendia Katedrak badu egitaraua jada, eta apirilaren 16an da hastekoa. Ikasturte honetan, Ismael Manterola artearen historiako irakaslea gonbidatu dute unibertsitatean graduondoko saio bereziak ematera. Katedrak euskal artearen historiako hainbat alderdi izango ditu hizpide.

2019. urteko Katedra honetako egitaraua apirilaren 16tik 25era bitartekoa izango da, eta lau zatitan banatuko da: saio bereziak hiru ikasgaitan, eta hitzaldi ireki bat. Batetik, Euskal artearen historia eta memoriari buruzko lau saio emango ditu Manterolak, Transmision of values in Basque art (Baloreen transmisioa euskal artean) eta Memories of Forgetting: a case study (Ahanzturaren memoriak: kasu baten azterketa) izenburuekin, Basque Culture izeneko ikasgaiaren baitan. Horrez gain, artearen historiaren azterketan gehiago sakonduko duen saio bat ere emango du Manterolak apirilaren 17an The Study of History ikasgaian, eta bertan memoria ikerketa, genero ikerketa eta kolonia-osteko ikerketek historia egiteko era nola aldatu duten aztertuko du, Euskal Herriko kasuan zentratuz. Spain Today izeneko ikasgaian, bestalde, El boom de la memoria en España: un caso de estudio en el País Vasco (Memoriaren booma Espainian: Euskal Herriko kasuaren azterketa) gaztelaniazko ikasgaia emango du bi egunez.

Laugarren zati eta Katedrako ekintza nabarmen gisa, azkenik, apirilaren 24an hitzaldi ireki bat eskainiko du Manterolak unibertsitatean. Hitzaldiak, ikasgai batean emandako saio baten gai bera jorratuko du, Transmission of Values in Basque Modern Art alegia, eta arratsaldeko 18:00etan izango da.

Irakasle gonbidatua eta Katedra

Ismael Manterola (Zumaia, 1966) Artearen Historiako irakaslea da EHUko Arte Ederren Fakultatean. 2006an publikatutako Hermes y los pintores vascos de su tiempo tesiarekin lortu zuen doktoregoa, eta egun irakaskuntza eta ikerketa komunikabideekin egiten duen kolaborazioarekin uztartzen ditu. Berria egunkariko arte kritikaria izan da eta erakusketa ezberdinak komisariatu ditu. Bere ikerketa ildo nagusiak euskal arte moderno eta garaikidearen inguruan biltzen dira.

2015eko uztailean abiatu zen Eloise Garmendia Bieter Katedra Boisen. Urtero irakasle ezberdina gonbidatzen duen katedra honekeuskara eta euskal kulturarekin harremana duten gaien irakaskuntza eta ikerkuntza bultzatzeko asmoa du, AEBetan euskal diasporarik indartsuena duen hirian. Katedrak Boiseko alkate David H. Bieterren, euskal lurraldetik kanpo euskara dakien alkate bakarraren, amaren izena darama.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu