Euskal artistak Alemaniako ´Kulturelle Landpartie´ kultur jaialdi entzutetsuan izango dira

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-05-09

Kulturelle Landpartie urtero Alemaniako Saxonia Behealdeko Wendland lurraldean antolatzen den diziplina anitzeko jaialdi kulturala da. Udaberriro 50.000 bisitari jasotzen ditu Alemaniako kultur jaialdi esanguratsu honek, eta aurten Azken Muga’ egitasmo euskaldunarekin elkarlana programatu du.

Elkarlan honen bidez “Beste mundu bat posible da” (Eine andere welt ist möglich) ekimena sortu dute: bost euskal artista bertan izango dira jaialdiko parte hartzaileekin batera ideiak elkarbanatu, prozesu artistikoak aurrera eraman eta emaitzak erakusteko. Alemaniako jaialdiak irauten dituen 8 egunetan zehar gauzatu eta erakutsiko da proiektua.

Bi egitasmoek bat egiten dute hainbat jarduera, helburu eta baliorekin: ingurumenarekiko errespetua, kudeaketa parte hartzailea, arte eta kulturaren ikuspegi ez komertziala eta ez mediatikoa, publiko eta artisten artean sortzen diren harremanak… “” ekimen honi esker, puntu amankomun horiek bat egingo dute prozesu artistiko baten bidez.

Azken Muga egitasmoa Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeak bereizten dituen muga gerturatu nahi duen proiektu kolektiboa da, naturan modu iragankorrean esku hartzeko. Era berean, proiektuaren helburua da landa eta natura ingurunera eramatea adierazpen artistiko berriak eta abangoardistak.

Kulturelle Landpartie jaialdiaren jatorria, aldiz, 80. hamarkadan Alemanian gertatutako protesta antinuklearrak dira. Mugimendu ekologistako kideek zabortegi nuklear bat eraikitzearen aurkako protestak abiarazi zituzten Wendland-en, Ekialdeko Alemaniarekin muga egiten zuen landa lurralde ez ezagun batean. Bertan bizitzen geratutako biztanleek Kulturelle Landpartie sortu zuten, artea eta errebindikazioa uztartuz.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu