Euskal dokumentalek stand birtuala izango dute Sunny Side of the Doc-2021-azokan

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-06-21

Euskal dokumentalak parte hartzen ari dira hilaren 21etik 25era ´Storytelling matters´lemapean egiten ari den Sunny Side of the Doc nazioarteko azoka entzutetsuan, euskal dokumentalgintzaren sektorea nazioartean zabaltzeko BASQUE. AUDIOVISUAL. markapean. Urtero Arroxelan (Frantzia) egiten den azoka hau erreferente bihurtu da dokumentalgintzako profesionalen artean, 60 herrialdetako 2.000 profesional baino gehiago biltzen baitira bertan. Aurten, iaz bezalaxe, internet bidez egingo da. Formatu digitalean ere euskal dokumentalak nazioartean sustatzeko ekimen berritzaileak prestatu dituzte, Etxepare Euskal Institutuaz gain, Eikenek (Basque Audiovisual and Digital Content Cluster) eta Zineuskadik elkarlanean, Alde batetik, BASQUE. AUDIOVISUAL.-en stand birtuala, eta bestetik, jadanik martxan dagoen ingelesezko webgunea, non Euskal Herria nazioarteko ekoizpen gune modura aurkezten den, etorkizunera begira egin daitezkeen filmatzeko aukerak ere bilatuta.

Gainera, euskal ekoizleen ikusgarritasuna sustatzeko helburuz, hilaren 22an, programazio ofizialean ‘Meet the Basque Delegation’ ekitaldia antolatu dute. Bertan parte hartuko du Alex Aginagalde Etxepare Euskal Institutuko Kultura teknikariak, BASQUE. AUDIOVISUAL. markaren nondik norakoak azaltzeko. Ondoren, standaren bitartez izena emanda duten zazpi enpresetako ordezkariek haien proiektuak nazioarteko profesionalei aurkeztuko dizkiete. Ekoiztetxe hauetako ordezkariek hartuko dute parte azokan: Arena Comunicación, Itziar García Zubiri, Kanaki Films, Maluta Films, Pixel Ekoizpenak, Sonora Estudios eta Ibaia-Lau Haizetara. Jarraian, Donostiako Zinemaldiaren baitan egiten den ‘Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa´-ren berri ere emango du haren ordezkariak.

 Halaber, erakustoki birtual horretan, Euskadi, Nafarroa, eta Iparraldeko ekoiztetxeei eta profesionalei haien proiektuak landu, koprodukzioak sustatu, eta banatzaileak nazioartean bilatzeko espazio bat eskainiko zaie.

 Parte-hartze honek Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen babesa duela, kasurako Basque Docs katalogoa prestatu dute, euskal ekoizleen 69 dokumental proiektu berrienei buruzko informazioa biltzen duena, bertaratzen diren profesionalen artean banatzeko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu