Euskal Erupzioa izango du aurten Olot hiriko Sismògraf dantza jaialdiak
2017/04/19
Euskara. Kultura. Mundura.
Sismògraf dantza jaialdia urtero antolatzen da Olot hirian (Girona), eta aurten bederatzigarren edizioa izango du apirilaren 20tik 23ra bitartean. Jaialdiak Euskal Herrian eta bertako dantzan arreta jarriko duen leihoa izango du aurten, Etxepare Euskal Institutuaren babesaz: “Erupció Basca” (Euskal Erupzioa).
Sismògraf dantza jaialdia urtero antolatzen da Olot hirian (Girona), eta aurten bederatzigarren edizioa izango du apirilaren 20tik 23ra bitartean. Jaialdiak Euskal Herrian eta bertako dantzan arreta jarriko duen leihoa izango du aurten, Etxepare Euskal Institutuaren babesaz: “Erupció Basca” (Euskal Erupzioa).
“L´Erupció” Sismògraf jaialdiaren proposamen berria da, eta fokoa dantzagintzaren alderdi zehatz batean jartzean datza: ideia bat, mugimendu bat, koreografo bat, dantzari bat, konpainia bat... edota lurralde bat, testuinguru zehatz bat. 2017ko ediziorako Euskal Erupzioa sortzea erabaki dute, euskal dantzagintzatik datozen elementuei garrantzia emanda, eta euskal lurraldeari eskainitako zikloa programatuta.
ADDE (Euskal Heerriko Dantza Profesionalen Elkartea) bertan izango da euskal dantzagintza ordezkatzen, eta gure lurraldeko dantza ekosistema aurkezten: sorkuntza guneak, euskal dantza profesionalen katalogoa, Euskal Herrian dauden dantza jaialdiak... Etxepare Institutuko kultur zuzendari Irene Larraza ere izango da euskal ordezkaritzarekin batera.
Lau euskal konpainiaren lanak ikusi ahal izango dira jaialdian: The Endgame (Løkke | Olatz de Andrés), Barbecho (Natxo Montero Danza) eta Lur Away (Compañía Sra. Polaroiska). Brodas Bros eta Kukai Dantzaren Topa ikuskizuna ere egongo da ikusgai, Sismògraf eta Leioako Umore Azokaren arteko koprodukzioa. Ikuskizunez gain, Sala Torín gunea ere euskal egoitza bilakatuko dute, eta “erupzio” honekin zerikusia duten ekintzak antolatu dituzte.
Duela zortzi urte jaiotako jaialdia Kataluniako arte eszenikoen azoka estrategikoetako bat da, el Trapezi de Reus, Fira Tàrrega edota La Mostra d´ Igualada bezalako jaialdien mailara. Sortzaile eta programatzaileen arteko topaleku da, eta iaz 15.000 parte hartzaile bildu zituen.
Sismògrafek Kataluniako dantzaren epizentro izan nahi du: hirien kultur programazioetan dantzari zabalkundea emateko asmoa du, eta era beran, formatu eta estilo guztietako dantza ikuskizunak eskaintzen ditu.
200 programatzailetik gora izango dira aurten bertan, Kataluniakoak zein nazioartekoak: esaterako, Herbehereetatik, Belgikatik, Alemaniatik, Frantziatik, Ingalaterratik, Kanadatik edota Koreatik joango dira. Bestalde, 40 konpainiatik gora izango dira 50 ikuskizun baino gehiago eskainiko dituen jaialdian, horietariko zazpi estreinaldiak eta beste ekitaldi artistikoekin koprodukzioak.