Euskal gatazkaren “kontakizunaren borroka” aztergai New Yorkeko Bernardo Atxaga katedran

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-10-09

Urriaren 9tik 12rabitartean burutuko da Bernardo Atxaga Katedrako aurtengo programa akademikoa New Yorkeko CUNY unibertsitatean. Gorka Mercero euskal literaturan aditua izango da irakasle gonbidatua eta euskal gatazkak literaturan izan duen oihartzunari erreparatuko diote bere eskutik.

Urriaren 9tik 12ra bitartean burutuko da Bernardo Atxaga Katedrako aurtengo programa akademikoa New Yorkeko CUNY unibertsitatean. Gorka Mercero euskal literaturan aditua izango da irakasle gonbidatua eta euskal gatazkak literaturan izan duen oihartzunari erreparatuko diote bere eskutik.

Euskal Herrian hamarkada luzez bizi izan den indarkeria eta gatazka politikoaren kontakizuna ematerakoan gizakiaren aldetik mina eta txikizioa sortzeko gaitasunaren inguruko kontakizun soila gailendu behar dela aldarrikatzen dute batzuk, bereziki Espainia mailan. Baina, era berean, irakurketa honek ETA bera gatazka politiko baten ondorio zuzena dela ukatzen du. “Kontakizunaren borroka” honetan, non kokatzen dira Euskal Herriko idazleak eta hauen lanak? Zein ekarpen egiten dute konponbiderako? “’Kontakizunaren borroka’ eta  nortasun nazionalen gatazka Espanian” izenburua daraman mintegian hainbat idazleren lanak aztertuko dituzte datozen egunotan CUNY-ko doktoretza ikasleek.

Beste gonbidatu baten bisita ere jasoko dute ikasleek. Izan ere, Kirmen Uribe idazleak hartuko baitu parte ikastaroan, urriaren 12an. Elkarrekin esnatzeko ordua bere eleberriak Euskal Herrian eta Espainian izandako harreraren inguruan arituko da “La hora  de despertarnos juntos: la identidad vasca del siglo XX” hitzaldian.

Amaitzeko, “Invisibilidad de lo vasco a los ojos de España” hitzaldi irekia emango du Unibertsitatean Gorka Mercero aurtengo irakasle gonbidatuak.  Euskal Filologian Lizentziatua da Mercero, doktorea eta euskal nobela garaikidean aditua. 2012tik Etxepare Euskal Institutuaren euskara irakurlea da, lehenbizi Birminghamen eta ondoren Liverpooleko unibertsitatean.

Etxepare Euskal Institutuak sortutako Bernardo Atxaga  katedraren  xede nagusia euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da.  Idazlea  berak eman zion hasiera 2011ko irailean City University of New York-eko Graduate Center-en. Euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta ikasturte bakoitzean New Yorkera ekartzen ditu irakasle gonbidatuak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu