Euskal hautagaiak arte eszenikoetako Max Sarietan
Euskara. Kultura. Mundura.
Hamaika euskal sorkuntza ageri dira atzo SGAE Fundazioak jakitera eman zuen arte eszenikoetako Max Sarien lehen hautagai zerrendan. Guztira aurkeztu diren 358 ikuskizunen artean, 119 izan dira aukeratuak hautagai gisa parte hartzeko; aurrerago, bigarren hautaketa bat egingo da, 19 kategoria ezberdinetako finalistak zehazteko. Azkenik, Maiatzaren 20an, Valladoliden, XXII. edizio honen sari banaketa ospatuko da.

Hautagaien artean, Handia filmeko protagonista, Eneko Sagardoy durangarra, ageri da aktore onenaren saria jasotzeko izendatua, Fedra antzezlanagatik. Emakumeen artean, berriz, Miren Gaztañaga Bilboko Arriaga Antzokian sortutako Tiempos mezquinos antzezlanagatik da sari honetarako hautagaia.
Euskal sorkuntzen artean, aipatzekoa da azken bi urteetan hainbat garaikur lortu dituen Kukai Dantza taldeak aurten ere dituen zazpi hautagaitzak, Erritu lanari esker: dantza ikuskizun onena, koreografia, musika konposaketa, jantzitegiaren diseinua, argiztapenaren diseinua eta gizonezko eta emakumezkoen antzezpen onena Eneko Gil eta Nerea Vesgarentzako.
Beste zenbait hautagai ere badira. Bilbao 700 fundazioak estatuko lehen zirkulu feministaren inguruan sortutako Lyceum Club, ikuskizun berri onenerako hautagaia da. Azken urtean kaleko ikuskizun onenaren saria lortu zuen Ertza taldeak, La teta de Janet lanari esker, aurten ere lau hautagaitza ditu: koreografia onena, musika konposaketa onena eta dantza interpretatzaile onenak, emakumezkoetan eta gizonezkoetan (Maria Andrés eta Thiago Luiz Almeida). Txalo Produkzioaken Juntos ere antzezlan onenaren sarirako hautagaitzat aukeratu dute.
Gehiago ere badira, tartean, kale kategorian, Hortzmugaren Jule eta dantza interpretazio onenaren atalean Eneko Balerdi, Txapeldun lanagatik. Azkenik, haurrentzako muntaien artean hiru euskal produkzio izan dira hautatuak: Markeliñeren Euria, Marie de Jonghen Estrella eta Teatro Gorakadaren El viaje de Ulises. Guztira, 11 euskal ikuskizun izan dira hautatuak, amaieran banatuko diren banakako 213 sari eta ikuskizunentzako 73 jasotzeko hautagaien lehen zerrenda honetan.
Ikusi hemen hautagaien zerrenda osoa.