Euskal Herrian generoak eta nortasunak dituzten loturak landuko dituzte Boiseko Unibertsitatean
Euskara. Kultura. Mundura.
Zer lotura dago generoa eta nortasunaren artean? Nolakoa da lotura hori Euskal Herriaren testuinguruan? Eta euskal diasporan? Zer berezitasun ditu? Zergatik ateratzen da beti matriarkatuaren gaia lotura hori egiterakoan? Nola eraikitzen dute euskaldunek nazioaren kontzeptua? Zer eragin izan du feminismoak euskal gizartean? Margaret Bullen antropologo eta EHUko irakasleak galdera hauei erantzungo die Boise State Unibertsitateko Eloise Garmendia Bieter euskal ikasketen katedran eskainiko duen ikastaroan. Apirilaren 7 eta 8an burutuko da eta unibertsitateko graduko eta gradu-ondoko ikasleei dago zuzenduta.

Bullen-ek kultur nortasunetan sexua, generoa eta nazioa bezalako kontzeptuak nola gurutzatzen diren eta gizartean zer isla duten aztertuko du. Euskal Herriak dituen ezaugarri berezietan jarriko du arreta ikastaroak. Halaber, Euskal Herriko errealitatea eta euskal diasporarena alderatuko ditu.
Alde batetik, historian zehar eraiki den emakumearen irudia azaldu eta matriarkatuaren mitoa eta botere patriarkalaren errealitatea aurrez-aurre jarriko ditu Bullen-ek. Bestetik, Euskal Herriko eguneroko bizitzan, gizarte antolakuntzan, politikan, lanaren testuinguruan edo jai herrikoietan errealitatea nolakoa zen eta gaur egun nola aldatu den azaltzeko ibilbide historikoa burutuko du.
Kulturaren transmisioari eta transmisio horretan emakumeek duten paperari ere erreparatuko dio Bullen-ek. Azkenik, feminismoak Euskal Herrian izan duen bilakaera eta euskara eta kultur mugimenduekin izan duen lotura aztertuko du.
Margaret Bullen Erresuma Batuko antropologoa da. 26 urte daramatza Euskal Herrian eta gaur egun EHUko antropologia irakaslea da. Azken urteetan festak, aldaketak eta genero harremanak aztertu ditu eta Basque Gender Studies (2003) liburuaren egilea da.
Euskara eta euskal kulturarekin harremana duten gaien irakaskuntza eta ikerkuntza bultzatzeko asmoz, 2015. urtean jarri zuen abian Etxepare Euskal Institutuak Eloise Garmendia Bieter katedra Boise State Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmenari esker. Katedra honek Boiseko alkatearen (David H. Bieter, Euskal Herritik kanpoko euskara dakien alkate bakarra) amaren izena darama, euskal kulturarekiko izan zuen konpromisoagatik eta euskal diasporan jokatutako paperagatik.
Katedrak urtero irakasle bat gonbidatzeaz gain, bestelako ekintzak ere bultzatzen ditu, hala nola euskal kulturgintza, literatura era hizkuntzaren inguruko materiala sortu eta argitaratzea, hitzaldi zein kongresuen antolaketa eta beste erakunde batzuekin elkarlana.