Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak korurako euskal musikaren antologia argitaratu
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak (EAE) AHAIRE argitalpena aurkeztu du gaur Etxepare Euskal Institutuan egin den prentsaurrekoan. Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Bingen Zupiria; Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Miren Arzalluz; Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko presidentea, Enrique Azurza, eta UPV/EHUren Mikel Laboa Katedrako ordezkari Pio Pérez-ek parte hartu dute ekitaldian.
Euskal musikaren antologia honek abesbatza mistorako 50 lan jasotzen ditu eta korurako euskal ondare aberatsaren bilketa, hautaketa eta edizio lan handiaren emaitzari esker lortu da.
AHAIREk bere 300 orrialdetan garai guztietako abesbatza-musikagile onenen lanak biltzen ditu, Anchietatik hasi eta Elberdineraino, bereziki aipatzekoak izanik Jesús Guridi, Aita Donostia, Vicente Goicoechea, Javier Busto edo Xabier Sarasola bezalako musikagileak. Antologiak abesti erlijiosoak eta profanoak biltzen ditu, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta latinez idatzitakoak, errazak zein zailtasun handikoak. Bilduman jasotako hainbat lanek, Pablo Sorozabalen “Maite” edo José Uruñuelaren “Maitia, non zira?” bezain ezagunak direnak esaterako, berrikusketa kritiko bat izan dute David Azurza musikagile eta editorearen gidaritzapean.
AHAIRE Etxepare Euskal Institutuaren, UPV/EHUren Mikel Laboa Katedraren eta Olaso Dorrea Fundazioaren diru-laguntzari esker editatu ahal izan du EAEk, eta Eresbil - Musikaren Euskal Artxiboaren eta Tolosako Abesbatza Lehiaketaren laguntza paregabea ere jaso du.
AHAIRE uztailaren 22tik 29ra Bartzelonan burutuko den Koru-Musikaren 11. Munduko Sinposiumean erakutsiko da. Sinposium horretan EAEk erakustoki bat ipiniko du, horrelako garrantzia duen batzarrean Euskal Herria ordezkatua egongo delarik. Gero Elkarteak AHAIRE banatzen jarraituko du, 30€ko salneurrian.
Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak (EAE) Euskal Herriko 400 abesbatza eta 12.000 abeslari inguru ordezkatzen ditu, euskal koralismoa sustatzeko eta hobetzeko jarduketan, korurako euskal musika editatzeko lan garrantzitsua eginaz.