Euskal Herritik mundura... Korrika!

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-04-06

20. Korrika Euskal Herrian zehar dabil tipi-tapa egunotan. Atzo bertan Etxeparetarrok ere hartu genuen euskararen lekukoa Donostiako Bulebarrean, baina mundu osoko hirietara ere iritsi da. Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko 12 irakurletzatan ere ozen entzun da aurtengo #Batzuk leloa.

20. Korrika Euskal Herrian zehar dabil tipi-tapa egunotan. Atzo bertan Etxeparetarrok ere hartu genuen euskararen lekukoa Donostiako Bulebarrean, baina mundu osoko hirietara ere iritsi da. Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko 12 irakurletzatan ere ozen entzun da aurtengo #Batzuk leloa.

Mexiko Hirian, esaterako, 6 herrialdetako 80 lagun inguru bildu ziren; eta bazuten zer ospatua, izan ere bertako ikasleek irabazi dute Etxepare Institutuak eta Korrikak abian jarritako lehiaketa. Korrikari ekin ostean, euskal dantzak, txalaparta, bazkaria eta kantaldia ere izan zituzten. Txileko Santiagon ere dastatu zuten euskal bazkaria korrika egin ondoren.

Venezian, aldiz, larunbat goizean zuten hitzordua. Sorpresak-sorpresa, azkenean espero ez zituzten lekuetatik ere gehitu zitzaizkien BatZuk: Bolognatik, Bergamotik, Venetoko hainbat herrietatik edo Venezia bertatik iritsitakoak ziren. Italiarrak, euskaldunak, katalanak, valentziarrak eta salamancarrak... guztiek bat egin zuten euskararen alde Venezian antolatutako lehen korrikan. Chicagokoa ere historiako lehen korrika izan zuten eta “The Bean” ospetsuan bukatu zuten ibilbidea.

Edinburgokoa ez zen historiako lehena izan, baina lekukoa hizkuntza ezberdinetako ordezkarien eskuetatik pasa zen: euskaldunek Gaeliko hizkuntzaren ordezkariari pasa zioten, eta Flamingoaren eta Katalanaren txandaren ostean, euskaldunek eman zioten amaiera ibilbideari.

Hungariara ere egin du salto Korrikak, aurten hirugarrenez. Bertan dagoeneko ohitura bihurtu da bi hirietatik igarotzea: Szegedetik eta Budapestetik. Gainera, euskara eta munduko hizkuntza txiki guztien alde ospatzen da Korrika hungariarra.

Helsinkin kolore grisez argitu zuen egunak, baina Korrikak eman zion kolorea. Ibilbidea egin ondoren, “Gazta zati bat” dokumentala ikusi zuten parte hartzaileek, eta baita gazta eta sagardoa dastatu korrika egin ondoren. Corken ere bildu ziren #Batzuk, eta Euskal Herriko korrikaren hasiera ikusteko aukera izan zuten. “Batzuk: euskararen lau aurpegi” dokumentala ikusi eta korrika egin aurretik.

Leipzigen, unibertsitateko Korrika antolatzeaz gain,Leipzigeko liburu-azokako Manga eta Anime Topaketa barruan ere izan zen Korrika. Beste hainbat hiritan ere antolatu dira korrika txikiak, hala nola Brno edo Liverpoolen. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu