Euskal ikasketen hiru katedra berri jarriko ditu Etxepare Euskal Institutuak abian 2022-2023 ikasturtean
Euskara. Kultura. Mundura.
Nazioarteko hiru unibertsitatetan katedra berriak jarriko ditu abian Etxepare Euskal Institutuak datorren ikasturtean. Elbira Zipitria katedra McGill University-n, Quebecen, Alan R. King katedra University of Wales Trinity Saint David-en, Galesen, eta Frank Bidart katedra California State University Bakersfield-en, AEBetan. Sortu berri diren hiru katedra hauek Etxepare Euskal Institutuak lantzen dituen ildoetako batzuk islatzen dituzte: nazioarteko kultur konexioen sorrera, hizkuntzaren inguruko ikerketa sustatzea eta diasporaren hauspotzea, hain zuzen.
Horien berri emateko elkartu dira Donostiako Tabakaleran Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria; eta Elbira Zipitriaren lankide eta lagun izandako Mari Karmen Mitxelena zein Alan R. King-en hainbat senitarteko.
Katedra berriok Institutuaren lan esparru desberdinekin lerrokatuta daudela uste du Larrazak, eta etorkizunera begira, ekarpen garrantzitsua egin dezaketela ikerketaren esparru desberdinetara. Batetik, McGill Unibertsitatean zabalduko den Elbira Zipitria katedrak, 2018. urtean Montrealen sinatutako hitzarmenean du jatorria. #SaisonQuebecPaysBasque programazio bereziaren testuinguruan zabalduko da, irailean. “Orduan, euskal ikasketetan berrikuntza sozialean sakontzeko konpromisoa hartu genuen, eta orain jarriko dugu abian programa akademikoa”.
Bestetik, Larrazak nabarmendu du euskal soziolinguistika nazioarte mailako azterketa akademikorako gai gisa lehenengoz landuko duela Alan R. King katedrak Galesko Trinity Saint David Unibertsitatean. Hizkuntza gutxituen defendatzaile sutsua zen eta 2003an euskaltzain urgazle bilakatu zen Alan Roy King linguista britainiarraren izena hartuko du urrian abiatuko den katedrak, lankidetza akademikoaren bitartez Gales eta Euskal Herriko hizkuntzen eta kulturen elkar ezagutzan sakontzea helburu duena.
Hirugarrenik, eta bertako euskal komunitateak 2019. urtean egindako proposamenari erantzunez, euskal kultura, artea eta berrikuntza sustatuko dituen katedra sortu da California State University Bakersfield unibertsitaterekin elkarlanean. Bertan jaio zen euskal jatorriko Frank Bidart idazle ezagunaren izenenean, 2022ko azaroan martxan hasiko da programa.
Horrelako hitzarmenei esker nazioarteko akademian euskal ikasketak lortzen ari diren ikusgarritasuna azpimarratu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, katedra hauei esker euskal kultura ikusgai egongo baita Quebecen, Kalifornian eta Galesen, “gure hizkuntza eta kultura esparru akademikora eramanez eta bertatik ere zabalduz. Era berean, euskal eta nazioarteko beste ikertzaile zein unibertsitateekin harremana eta ezagutza estutzeko balioko digute”.
Hiru katedra berriok zerrendara gehituta, hamabi izango dira, guztira, Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko euskara eta euskal kulturako katedrak. Euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketa akademikoak sustatzeko tresnak dira katedrak, eta irakasle espezializatuek edo artista eta sortzaileek unibertsitate batean egindako egonaldien bitartez gauzatzen dira.