Euskal ikus-entzunezkoak mundura egin du salto Miptv azokan

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-04-18

Euskal sorkuntza munduratzeko zeregina du Etxepare Euskal Institutuak, kultur-diziplina ezberdinen sustapenaren alde lan eginez; horien artean, ikus-entzunezkoa. Horretarako, ezinbestekoa da nazioarteko topagune eta foro garrantzitsuetan parte hartzea, hala nola, apirilaren 9tik 12ra Frantziako Cannes hirian antolatutako Miptv merkatuan.

Euskal sorkuntza munduratzeko zeregina du Etxepare Euskal Institutuak, kultur-diziplina ezberdinen sustapenaren alde lan eginez; horien artean, ikus-entzunezkoa. Horretarako, ezinbestekoa da nazioarteko topagune eta foro garrantzitsuetan parte hartzea, hala nola, apirilaren 9tik 12ra Frantziako Cannes hirian antolatutako Miptv merkatuan.

100 herrialde baino gehiagotako 11.000 profesional bildu ziren Okzitaniako hirian, eta Etxepare bertan izan zen, Zineuskadi eta EIKEN (Basque Audiovisual and Digital Content Cluster) klusterrarekin batera, euskal enpresak laguntzen Basque Audiovisual markapean euren lanak erakutsi eta negozio aukerak indartzeko. Bertan egindako lanak fruituak eman ditu hasieratik.

Aurten lehen aldiz MIPTV azokarekin batera CANNESERIES jaialdia antolatu dute, eta honek “In developement” izeneko atal bat du, garapen fasean dauden serie proiektuen pitching saioak eskaintzen dituena. Ehundaka proposamenen artean, proiektu gutxi batzuk aukeratu zituzten, nazioarteko serie ekoizle, erosle eta banatzaile garrantzitsuenen aurrean pitchinga egiteko. Tartean, Laniakea euskal ekoiztetxearen Strange Fishing Sundays proiektua hautatu zuten, Edu Carneros ekoizleak aurkeztu zuena. 

Bestalde, Somuga eta Dibulitoon euskal ekoiztetxeek Errusiako Wizart ekoiztetxearekin batera koproduzitutako Yoko marrazki bizidunak Txinako Jetsen Huatsi TV enpresak erosi ditu, bertan online eskaintzeko.  Saioak hiru umek parkean bizi dituzten abenturak erakusten ditu. “Umeek benetan maite dituzten elementuak ditu, hala nola musika zein abentura. Mezu positiboak zabaltzen ditu eta jolasaren balioa azpimarratzen du” adierazi du Jetpack Distribution-eko Dominic Gardiner-ek; bera izan da akordioa ixteko arduraduna.

Pausoka ekoiztetxeak ere baliatu du Miptv bere lana erakusteko: Aitaren etxea zein Go!azen telesailak eraman dituzte bertara, esaterako. Bestalde, bi banatzaile handik ekoiztetxearen  The best history formatua garatzeko interesa adierazi dute, eta Sleeping with the enemy formatua, berriz, New Yorkeko Input konferentziarako aukeratu dute. Era berean, Do You Know Me? Saioaren eskubideak Argentinako ekoizpen etxe batek erosi ditu.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu