Euskal irakaskuntzan bikaintasuna lortzeko bidean
Euskara. Kultura. Mundura.
Teknologiak euskal ikasketetan duen eraginaren inguruko ikastaroa antolatu du Etxepare Euskal Institutuak, EHUko Udako Ikastaroekin lankidetzan, pasa den asteazken eta ostegunean. Donostiako Miramar Jauregira hurbildu den entzuleak euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza ikuspegi digital batetik ezagutu ahal izan ditu. Bikaintasuna Euskal Ikasketetan, irakurleen formakuntzara bideratuta, institutuak urtero antolatzen duen uda ikastaroa da. Aurten, Bikaintasuna Euskal Ikasketetan IX. Euskara eta Euskal Kultura eremu digitalean izenpean, teknologia izan da hizpide.
Teknologiak euskal ikasketetan duen eraginaren inguruko ikastaroa antolatu du Etxepare Euskal Institutuak, EHUko Udako Ikastaroekin lankidetzan, pasa den asteazken eta ostegunean. Donostiako Miramar Jauregira hurbildu den entzuleak euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza ikuspegi digital batetik ezagutu ahal izan ditu. Bikaintasuna Euskal Ikasketetan, institutuak urtero antolatzen duen uda ikastaroa da. Irakurleei eta etorkizunean izango direnei formakuntza emateko helburuarekin sortu zen eta urtero gai ezberdin bat jorratzen da. Aurten, Bikaintasuna Euskal Ikasketetan IX. Euskara eta Euskal Kultura eremu digitalean izenpean, teknologia eta eremu digitalak euskara eta euskal kultura irakaskuntzari egiten dieten ekarpenak izan dira hizpide.
Lehen eguna
Hizkuntza eta kultura arlo ezberdinetako 13 aditu bildu dira ikastaroa emateko. Bi egunetan zehar, hamar hitzaldi izan dira gai hau “erpin ezberdinetatik” aztertzeko, Garbiñe Iztueta Goizueta, ikastaroko zuzendariaren esanetan. Uztailak 10eko lehen saioan, Detmar Meurers, Tübingeneko Unibertsitateko irakasleak, irakaslearen lana errazteko gailu digitalen garrantziari buruzko gogoeta egin du. Gailuen bidez, testuen prozesamendua, zuzentzeko automatizazioa etab.-ek zuzenketa eta azalpen lana errazten dutela aipatu du. Horrela, Alemanian Ingeles klaseetan ezarri dituen hainbat tresna aurkeztu ditu. Ondoren, Itziar Gonzalezek eta Izaskun Etxeberriak, EHUko irakasle eta ikerlariak, Euskal Herrian gai honen inguruan egiten ari diren ikerketa eta hainbat proiektu pilotu aurkeztu dituzte. Bada kultura digitalizatua Euskal Herrian. Bi adituek aurkeztu duten bezala, hizkuntza prozesamendurako hainbat proiektu martxan dira; esaterako, BIM proiektua, euskararen corpus historiko digital bat osatzea helburu duena. Baina onartzen dute oraindik ere lan handia dagoela egiteko alor horretan.
Euskararen irakaskuntzan IKTen presentziari buruz, Abel Camachok eta Mikel Iruskieta irakasleek hitz egin dute. Teknologia ez da aukera bat, “behar bat” baizik, Camachoren iritziz; eta honen haritik, ikerlarien, ikastetxeen eta unibertsitateen arteko elkarlana beharrezkoa dela onartu dute biek. Zein gabezia erreal dauden antzemateko beharra dagoela aipatu du Iruskietak, hauei erantzun eta aurrera egiteko.
Arratsaldeko saioan euskal artea eta sare sozialak izan dira protagonista. Arantza Lauzirika, EHUko dekanoak euskal artean ere digitalizazioak eragina duela erakutsi du eta 90. hamarkadatik aurrera indarra hartu duen Net Art mugimendua azaldu du. Sarearen teknologia eta baliabideak protagonista diren arte mugimendua da hau. Net Art-a ez da Euskal Herrira iritsi baina geroz eta artista gehiagok, sare sozialak, blogak eta web guneak erabiltzen dituzte beren obrak publiko egiteko. Igor Rezola, Saioa Olmo edo Ismael Iglesias bezalako artisten adibidea jarri du, besteak beste. Sare sozialen tartea, Ane Castelruiz komunikatzaile eta irakaslearen eskutik heldu da. Garai berrietara egokitzea beharrezkoa dela defendatu du eta ikasgeletan sare sozialen inguruko ezagutza eta erabilera eskaintzea behar bat bezala aurkeztu du. Ikasgelaren perfila kontuan hartu behar da eta horren arabera egokitu. Baina sare sozialen bidez proiektuak egiteak, ikasleengana hurbiltzea eta lanen emaitzak praktikoagoak egitea dakar.
Bigarren eguna
Uztailaren 11ko saioa, literaturarekin hasi da. Iratxe Esparza EHUko Literatura Saileko irakasleak, literatura gizarte instituzio bezala aztertu du. Arlo honetan eman diren berrikuntzei buruz, blogak, sare sozialak, liburuak deskargatzeko orriak eta antzeko tresnak geroz eta erabiliagoak direla esan du. Era berean, formatu berriak ere ahalbidetu ditu digitalizazioak. Entzunezko eta ikus-entzunezko liburuak, book trailerrak etab.
Iker Arranz Californiako Santa Barbara Unibertsitateko irakasleak, berriz, bertan martxan jarri duen euskara ikasteko online ikastaroa aurkeztu du. Ariketa eta eduki didaktiko eta interaktiboak egiteko baliabidea ematen du. Gainera, ikasleak askatasun osoz, ahal duen momentuan ikasteko bidea eskaintzen du. Horregatik, bere iritziz, tresna ezin hobea da klasea emateko.
Wikipediak irakaskuntzan ere ekarpen handia egin dezake. Honi buruz aritu dira Iñaki Lopez de Luzuriaga, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kidea eta Amaia Orbe Berlingo Freie Unibertsitateako irakurlea. Haien artean elkarlanean, Euskaltzaindiaren 40. urteurrena aitzakiatzat hartuz, Etxepare Euskal Institutuak Alemaniak dituen lau irakurletzetako ikasleek Wikipediako euskarazko 40 artikulu alemanierara itzuli dituzte. Bi adituen iritziz, proiektu ezin hobea izan da ikasleengan euskal kultura gaietan interesa pizteko euskarri digital bat erabiliz eta lankidetza sustatzeko.
Ikastaroa amaitzeko, ostegun arratsaldean, What is Bertsolaritza? dokumentala ikusi ahal izan da eta ondoren, Miren Ibarluzea EHUko irakasleak eta Xabier Paya kultur kudeatzaileak dokumentalaren inguruko aurkezpena egin dute. Gainera, irakurleek klasean bertsolaritza azaltzeko dokumentala nola erabili azaldu dute eta zenbait gako eman dituzte etekin handiena atera ahal izateko.
Bi egunetako egitarau oparoak askorako eman du, eta bertaratu diren entzuleek gauza asko ikasi dituzte. Aurrerakuntza handiak egin dira euskal kulturaren irakaskuntza garaiko testuinguru digitalera egokitzeko baina, oraindik ere, lanean jarraitu beharra dago, adituen ustetan.