Euskal kultura Manresako Fira Mediterrània azokako oholtzetan
Euskara. Kultura. Mundura.
Manresako Fira Mediterrània azokaren 20. edizioa bihar hasiko da eta urriaren 8ra bitartean luzatuko da. Diziplina artistiko ezberdinak batzen ditu, hala nola ikusizko arteak, zirkoa, dantza, erakusketak, musika, narrazioa edota antzerkia, eta aurten hiru euskal konpainia izango ditu bertan Etxepare Euskal Institutuaren babesaz: Kukai Dantza & Brodas Bros, Helena Lizari eta Laida Aldaz, eta Juan Mari Beltran.

Institutuak "Basque Arts- Etxepare" standa ere izango du azokan, euskal sortzaile eta enpresek bertan lan egin dezaten. Han izango dira Malas Compañías, Shakti Olaizola, Infinita escena, Kukai Dantza, La glo Circo eta Kalakan. Gainera, azken horiek emanaldia eskainiko dute standean urriaren 5ean a capella abestuz. Larunbat eguerdian, bestalde, standaren aurkezpena egingo da, txakolinaz eta mokadu batez lagunduta.
Kukaiko dantzariak Brodas Bros katalanekin igoko dira Manresako oholtzara, Topa ikuskizuna aurkeztera, urriaren 6an. Lau dantzarik bat egingo dute plazan; batzuk euskal dantza tradizionala ordezkatzen dute, besteak hiphop dantzariak dira. Badute zerbait amankomunean: kalea, espresio espazio natural bezala. Horrela, Topak lau dantzariak elkartuko ditu energiaz betetako ikuskizunean, dantza tradizionala eta kaleko dantza uztartuta.
Helena Lizari eta Laida Aldazek Kirolak ikuskizuna eramango dute Manresara, eta urriaren 6 eta 7an egongo da ikusgai. Atzerrian urteak eman ondoren, distantziak gertu genuena ulertzen laguntzen digula ondorioztatu dute bi koreografek. Orain, euren sorterrira itzuli dira horren inguruan hitz egiteko, dantzateko, kasu honetan euskal kirol tradizionalak mugimenduen bitartez adierazita.
Azkenik, urriaren 7an Juan Mari Beltranek Paseos por los sonidos lana eramango du oholtzara. Musikari, ikerlari eta promotoreak, euskal instrumentu eta musika herrikoiekiko duen pasioa erakutsiko du ikuskizun intimo honetan. Berekin izango dira eszenatokian Ixiar Jauregi txalapartan, eta Errege Belda eskusoinuan.
1998. urtetik burutzen den jaialdia da FIRA Mediterrànea Manresa, eta ikuskizunen sektoreak erreferente bilakatu dena. Bi ardatz nagusi ditu bere programazioak: tokian-tokiko kultura, eta munduko musika.
Ikusi azokaren programazio osoa.