Euskal liburuen itzulpen berriak, argitara

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-02-24

Sormen literarioa ez da gelditu, 2020. urtea zaila izan bada ere sektorearentzat. Pixkanaka ari dira argitara ematen hainbeste lanen fruituak. Tartean, Etxepare Euskal Institutuak diruz lagundutako euskal liburuen itzulpenak, plazaratzen hasiak direnak. Bost argitaratu dituzte, eta seigarrena heltzear da. Orotara 28 euskal obraren itzulpenak bideratzeko eman du dirulaguntza Institutuak, 64.913 euroko zuzkidurarekin.

Poesia, eleberria, ipuinak, saiakera… Askotarioak dira euskaratik itzuli diren edukiak. Adibidez, orain arte kaleratutako itzulpenen artean daude Beatriz Chiviteren ‘Hirietan’ poesía liburu eleaniztuna, gaztelaniazko eta galegozko Antonio Rodríguez Lópezen itzulpenekin; Mikel Valverderen ‘Nika Vekilanka’, ‘Rita gigante’ ipuinaren eslovenierazko bertsioa, Zalozba Malinc-ek itzulita; Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren ‘Atãria. Una puerta a la utopía’ eleberriaren gaztelaniazko bertsioa, idazleak berak itzuli duena; eta Joxemari Iturralderen ‘Armoniskuja’ (‘Perlak, kolpeak, musuak eta traizioak’ euskaraz), Lurra Editions-ek finladieraz eman duena argitara.

Kirmen Uriberen ’19 segundo’ poesia liburua ere itzuli du gaztelaniara Gerardo Markuleta Gutierrezek. Gainera, Katixa Agirreren ‘Atertu arte itxaron’ eleberria alemanieraz plazaratuko du laster Edition Converso etxeak. Bidean dauden gainerako liburuen zerrenda osatzen dute, besteak beste, Bernardo Atxagaren ‘Etxeak eta hilobiak’, Ibrahim Balde eta Amets Arzallusen ‘Miñan’, Katixa Agirreren ‘Amek ez dute’ edota euskal poesiagintzaren inguruko bi antologia liburu.

Etxepare Euskal Institutuaren lan ildo nagusienetakoa euskal itzulpengintza sustatzea izan da bere hastapenetatik. Urtero, euskal autoreen lanak atzerriko hizkuntzetara itzul daitezen dirulaguntzak eskaintzen ditu, baita itzulpengintza bultzatzen duten beste hainbat jarduera kudeatu ere; hala nola, Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza saria.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu