Euskal musika klasiko unibertsala

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-03-01

«Euskaldun bat: txapela; bi euskaldun: pilota-partida; hiru euskaldun: orfeoia». Esaera ezagunak islatzen ditu euskaldunen musikarako gaitasuna eta zaletasuna. Karlos Sánchez Ekiza adituak musika klasikoaren erradiografia osatu du ‘Musika klasikoa’ liburuan, ‘Euskal Kultura saila’ liburu bildumaren baitan berreditatu dena. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen bildumaren lehen edizio hura duela 8 urte egin zen, eta eguneratuta ari da izaten sorta guztia.

Euskal abesbatzak entzutetsuak dira nazioartean egun, baina iraganean ere izan ziren interpretatzaile famatuak gure artean: Pablo Sarasate biolin-jotzaile eta konpositorea eta Julián Gayarre tenorra, esaterako. Era berean, historian izan diren punta-puntako konpositoreen artean, bada bat euskalduna: Maurice Ravel. Eta gaur egun ere badira musika-konposizioan izen handiko euskaldunak: Luis de Pablo, Agustín González Azilu eta Félix Ibarrondo, esaterako. «Musika da, dudarik gabe, elementu onenetako bat Euskaldun unibertsalaren etiketa aplikatzeko, eta Ravelen kasuak argi asko erakusten du», nabarmentzen du Sánchezek liburuan.

Interpretatzaile, konpositore eta sortzaileen errepasoa egiten du idazleak bertan, musika-jardueraren analisia, Ilustrazioaren mugimenduarekin hasi eta gaurdainokoa. Euskal Herrian musikak izan dituen une distiratsuenei argi ematen die Sánchezek. Opera nazionala euskaraz egiteko egitasmoa, musika erlijiosoaren garrantzia Euskal Herrian, Iruñeko Taldea, egungo zenbait konpositoreren nazioarteko ospea… Ahots-musika eta musika intrumentala, orfeoiak eta abesbatzak, bakarlariak, orkestrak eta orkestra-zuzendariak aztertzen ditu.

Baita ere, euskal musika akademikoa. Udal musika-eskolen sare zabala, goi-mailako ikasketa-zentroak, musika-kontserbatorioak, jaialdiei eta musika-zikloak, musika-denboraldiak, jaialdiak, eta lehiaketak.

Euskal sorkuntzari buruzko bilduma

Berredizio honen sorburura heltzeko, 2012. urtera joan behar dugu, orduan plazaratu baitzen, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, ‘Euskal Kultura saila’ izenburuko bilduma, euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri, eta aldi berean, sendoa eskaintzeko asmoz, jakin nahi duten horiengana erraz iristeko moduan aurkeztuta.

Zehazki, hurrengoak izan ziren liburuen izenburu zein egileak: ‘Euskararen historia laburra’, Ivan Igartua eta Xabier Zabaltzak idatzita; ‘XX. Mendeko euskal literatura’, Estibalitz Ezkerrarena; ‘Euskal Musika klasikoa’, Karlos Sanchez Ekizak osatutakoa; ‘Euskal kantagintza: pop, rock, folk’, Jon Eskisabelek ondua; ‘Estanpa bilduma’, ikusizko arteei eskainia eta Miren Jaiok idatzitakoa; ‘Euskal zinema’, Joxean Fernandezena; ‘Arkitektura eta diseinua’ Pello Agirrek egina; ‘Euskal dantza’, Oier Araolazarena; ‘Bertsolaritza’, Joxerra Garziarena; ‘Tradizioak’, Joseba Zulaikak idatzita; eta ‘Euskal sukaldaritzaz’, Hasier Etxeberriarena.

2021 eta 2022an zehar egin da liburuen eguneratzea, elebidunak diren hiru bertsiotan: euskaraz eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eta euskaraz eta frantsesez. Liburuak eskuragarri daude, doan, formatu digitalean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu