Euskal musikak aztarna utzi du Glasgowko Celtic Connections jaialdian

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-01-31

- Huntza, Kalakan, Oreka TX eta Korrontzi musika taldeek eskainitako kontzertuetan jendetza bildu da, eta giro paregabearekin burutu dira emanaldi guztiak.

- Etxepare Euskal Institutuak sustatutako 2019 Scotland Goes Basque egitasmoaren lehen mugarria izan da Celtic Connections jaialdia, eta balorazio oso positiboa izan du.

- Huntza, Kalakan, Oreka TX eta Korrontzi musika taldeek eskainitako kontzertuetan jendetza bildu da, eta giro paregabearekin burutu dira emanaldi guztiak.

- Etxepare Euskal Institutuak sustatutako 2019 Scotland Goes Basque egitasmoaren lehen mugarria izan da Celtic Connections jaialdia, eta balorazio oso positiboa izan du.

Amaitu da dagoeneko Etxepare Euskal Institutuak GlasgowkoCeltic Connections jaialdian izan duen esku-hartzea, baina #ScotlandGoesBasque ekimena hasi besterik ez da egin. 2019. urtean euskal kulturak Eskozian presentzia berezia izan dezan Institutuak egingo duen lanaren lehen urratsa izan da hau, eta bai kontzertuak eskaini dituzten artisten aldetik, bai jardunaldietan parte hartu duten musika sektoreko profesionalen aldetik ere, egonaldiaren balorazioa “oso positiboa” dela adierazi du Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak.

Eskoziako neguko jaialdi garrantzitsuenean euskal artistek emandako kontzertuak “arrakastatsuak” izan dira Larrazaren ustez: “Euskal taldeek, munduko musiken alorrean, maila artistikoan egin dezaketen ekarpena eta hauen kalitatea ezagutzeko aukera izan dute bertaratu diren musika sektoreko profesionalek eta publikoak orokorrean”.

Huntza, Kalakan, Korrontzi eta Oreka Tx izan dira bertan jo duten euskal taldeak, Tosta Banda talde kultur-anitzaz gain. Zuzendariaren hitzetan, “Glasgowko entzulegoak oso harrera beroa egin die talde guztiei eta aretoak ia leporaino bete dituzte”.

Halaber, Institutuak ezarritako helburuak bete direla adierazi du: “Alde batetik, zabalkundeari begira, euskal kulturara, kasu honetan euskal musikara, leiho bat irekitzea zen helburua; gure kultura kokatzea eta jakinmina piztea. Bestetik, sektoreari begira, halako plataforma batek eskaintzen dituen lankidetzarako eta salmentarako aukerak baliatzea. Oso erantzun ona jaso dugu eta datozen hilabeteetan burutuko ditugun ekintzei begira bultzada bat izan da”.

Era berean, azpimarratu du artista eta profesionalentzat bakarka joatea edo horrelako programa batean baitan aritzea “erabat ezberdina” dela.

Jardunaldi profesionalak

Bestalde, urtarrilaren 24 eta 25ean antolatu ziren Connecting Cultures jardunaldien “profesionaltasuna” eta “eraginkortasuna” azpimarratu ditu Larrazak. Hainbat jarduera egin ziren bi egunotan; tartean, bakarkako aurkezpenak (Euskal Herriko profesionalek 24ean eta Britainia Handikoek 25ean), speed meeting saioak eta networking afari bat.

Ekimenean parte hartu zuten euskal eragile, enpresa edota musika taldeetako profesionalek Britania Handiko, eta bereziki Eskoziako erakunde eta jaialdietako 20 profesional ezagutzeko aukera izan dute. Eta hauek, jardunaldietan ez ezik, euskal taldeen kontzertuetan ere izan ziren, etorkizunera begirako lankidetza aukerak aztertzeko xedearekin.

Oro har, “lan-harreman interesgarriak” sortu direla adierazi du Larrazak, eta euskal taldeak programatu daitezen sustatzeko Institutuak mugikortasunerako laguntzak emango dituela aurreratu du.

2019 Scotland Goes Basque: urte osorako programa

Euskal sorkuntza garaikidea ezagutzera ematea eta kultura, arteak, eta hizkuntzaren bidez Eskoziarekin harremanak estutzea da #ScotlandGoesBasque egitasmoaren xedea. Urtarriletik urrira bitarte, literatura, arte eszenikoak, musika eta zinea jorratuko ditu programak Eskoziako hainbat jaialdi eta kultur programa garrantzitsutan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu