Euskal ordezkaritza zabala Berlinalen
2016/02/11
Euskara. Kultura. Mundura.
Basque Audiovisual, ikus-entzunezko euskal sektorearen marka, Berlingo Nazioarteko Zinemaldian izango da, Eusko Jaurlaritzaren eta Zineuskadiren eskutik eta Etxepare Euskal Institutuaren babesaz. Gaur hasi eta otsailaren 20ra bitartean, ikus-entzunezko 32 euskal proiektuk osatzen duten katalogo zabala aurkeztu eta ezagutaraziko da nazioarteko zinema jaialdirik nagusienetako honek eskaintzen duen erakusleihoan. 22 ekoiztetxeren lanak dira, dokumentalak edo fikziozko film luzeak gehien bat, eta oso fase ezberdinetan daudenak –amaiturik batzuk, garapenean, produkzioan edo postprodukzioan sarturik beste batzuk-, baina euren lanentzat koprodukzioa, banaketa edo salmentarako kontaktuak bilatzeko aukera izango dute guztiek.
Helburu horretarako, lan-agenda ondo loturik darama euskal ordezkaritzak Berlinalera. Eusko Jaurlaritzak match maker edo aholkulari bat ipini du Berlinen izango diren ikus-entzunezko sektoreko profesional hauen guztien esku. Figura honek, jaialdiak iraungo duen egunetarako, nazioarteko profesionalekin agenda profesional betea osatu die euskal ordezkariei, Berlinera daramatzaten proiektuentzat koprodukzio, distribuzio edo salmenta bideak aurkitzeko lana errazteko asmoz.
Harreman horietarako, gainera, Euskadik bere espazio fisiko propioa edo lanerako gunea izango du European Film Market-en, Berlinalen industriari eskaintzen zaion plaza ezagunean. Bertan, 10 euskal ekoiztetxe - Lumiere produkzioak, Astronauta producciones, Eduardo Carneros, Atera Films, Arena Comunicación, Mugaritz, Txintxua Films, Kinoskopik, Izar Films eta Lamia Producciones- eta Bizkaia eta Donostiako Film Commisionak parte hartuko dute otsailaren 11n. Lehen aldiz Basque Audiovisual-eko mahai bat egongo da bertan, Zineuskadi/Europa Creativa Media Euskadik antolatu duena Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz.
Basque Audiovisual katalogoa osatzen duten zenbait proiekturen irudiak jasotzen dituen bideoa hemen ikus dezakezue.
Errodajeak erakartzea
Baina ez da hori Eusko Jaurlaritzak babestutako produktu bakarra izango. Bilboko, Donostiako Eta Gasteizko Film Commission-ekin elkarlanean, Euskal Autonomia Erkidegoan zinema errodajeetarako dauden lokalizazioen berri ere emango da Berlinalen. Azken ekimen honen helburua da kanpoko ekoizleek eta zinema zuzendariek gure lurraldea aukeratzea filmak errodatzeko garaian. Horretarako, lokalizazioak erakusteaz gain, EAEak eskaintzen dituen abantailen berri ere emango da: abantaila fiskalak, baliabide profesionalak, industria-azpiegitura, ikus-entzunezko zerbitzuak…
Glocal Cinema: big stories, small countries
Donostiako Zinemaldian hasi zen egitasmoaren bigarren saioa egingo da Berlinalen. Glocal Cinema: big stories, small countries izeneko manifestua sinatu zuten 15 herrialde eta eskualdetako institutu zinematografikoen ordezkariak berriro elkartuko dira, etorkizuneko bide-orria zehaztera, tartean Clara Montero Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Ainhoa González Europa Creativa Desk MEDIA Euskadiko arduraduna. Bilera otsailaren 16an izango da.
Manifestua sinatu zutenen helburua hizkuntza ez hegemonikoetan egiten den zinema produkzioa sustatzea da. Donostiako bileran esperientziak trukatu eta kooperazio bideak garatu ostean, lehen bilera horri jarraipena emango zaio Berlinalen.