Euskal PEN Klubak 19 Basque Writing argitalpena atera du
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal PEN kluba, International PEN nazioarteko idazle elkartearen zentroetako bat da, euskal literatura eta kultura atzerrian erakustea xede duena. Berriki 19. Basque Writing argitalpena atera dute, Writing in a small language (Hizkuntza txiki batean idaztea) izenburuarekin, eta bertan Euskara bezalako hizkuntza gutxitu batean idazle izatearen gogoetak plazaratu dituzte Euskal Herriko hainbat idazlek.
Euskal PEN kluba, International PEN nazioarteko idazle elkartearen zentroetako bat da, euskal literatura eta kultura atzerrian erakustea xede duena. Berriki 19. Basque Writing argitalpena atera dute, Writing in a small language (Hizkuntza txiki batean idaztea) izenburuarekin, eta bertan Euskara bezalako hizkuntza gutxitu batean idazle izatearen gogoetak plazaratu dituzte Euskal Herriko hainbat idazlek.
PEN International, idazleen mundu-mailako elkarte bakarra, 1921. urtean sortu zen kultura eta hizkuntza ezberdinetako idazleen arteko adiskidetasuna eta elkarlana bultzatzeko. PEN hitzak “Luma” esan nahi duen arren, kasu honetan akronimo bat da berez (Poets, Playwrights, Essayists, Editors and Novelists; edo poetak, gidoigileak, saiogileak, editoreak eta nobelagileak). Euskal PEN kluba urte dezente igaro ondoren sortu zen, 2004an, Euskal Herriko idazleak ordezkatzeko asmoz.
Euskal PEN Klubak urtero hainbat ekintza egiten ditu nazioartean euskal literaturaren aberastasuna erakusteko; tartean, Basque Writing argitalpena. Aldizkaritxo honetan, urtero gai ezberdin bat hartu eta hainbat idazlek testuak idatzi ohi dituzte euskaraz, gero ingelesera itzulita argitaratzeko. Aurreko urteetako gaiak, besteak beste, hizkuntza-eskubideak ziurtatzeko protokoloa, ikastolak edota literatura eta kartzela izan dira, batzuk aipatzearren. Aurten, ostera, gizarte eta hizkuntza gutxitu batetako idazle izateak zer sentiarazten duen galdetu zaie hainbat idazleri; gero eta globalizatuagoa dagoen mundu honetan, azken batean, idazleek ere etengabe bidaiatu behar izaten dutelako, eta beste kulturetako egileekin elkartu. Itxaro Borda, Bernardo Atxaga, Laura Mintegi, Kirmen Uribe, Karmele Jaio, Harkaitz Cano eta Mariasun Landa autoreen hitzak aurki daitezke aurtengo Basque Writing argitalpenean.
Euskal literaturaren lagin bat erakusten duen urtekari hau argitaratzearekin batera, aurten Manilan (Filipinak) irailaren 30etik urriaren 4ra bitarte egingo den 85. PEN International kongresura bidaiatuko dute euskal PEN klubeko zenbait ordezkarik. Bertan, mundu-mailako PEN Klub gehienak elkartu eta literatura eta hizkuntza aniztasuna bezalako gaiei buruz hitz egiten da. Aurtengo kongresuaren izenburua Speaking in Tongues: Literary Freedom and Indigenous Languages (Literatura Askatasuna eta Bertako Hizkuntzak) izango da.
Etxepare Euskal Institutuak, euskal PEN Klubarekin duen hitzarmenaren bitartez, Basque Writing 19 argitalpena eta Manilako Kongresuan euskal parte-hartzea sustatu ditu.