Euskal sorkuntza literarioari leihoa irekiko dio Quebecek

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-10-06

Udazkenarekin batera helduko dira Quebecera euskal literatura eta idazle euskaldunak, udaberriko cinema-zikloen trukaketari lekukoa hartuz. Literatura eta eleaniztasuna ardatz izango dituen kongresua egingo da Laval Unibertsitatean eta ‘Québec en toutes lettres’ jaialdiak euskal literaturari eskainiko dio gau bat. Saison Québec – Pays Basque 2021-2022 egitasmoaren baitan egingo dira ekitaldiok.

Laval Unibertsitateak, Etxepare Euskal Institutuak, Quebeceko PEN Klubak eta Euskal PEN Klubak urriaren 13an eta 14ean egingo den ‘La voix des autres-Besteen ahotsa, Eleaniztasuna eta literatura: Euskal Herria eta Quebec’ kongresua antolatu dute, pandemia dela eta online egingo dena. Egunero aurkezpenak egingo dira, eta mahai-inguruak izango dira saio bakoitzaren amaieran. Parte hartuko duten adituen hitzaldietan sorkuntza literario hauek partekatzen dituzten ezaugarriak identifikatuko dira eta ondorengo gaiak landuko dira, besteak beste: hizkuntza gutxituak dituzten ingurune eleaniztunak, literatura frantziar-quebectarra, gutxiengo ikusgarrien edo kulturalen literatura, eta literatura ekoizpena Euskal Herrian, Quebecen eta Ipar Amerikan.

Gero, urriaren 14tik 24ra egingo den  ‘Québec en toutes lettres’ jaialdi entzutetsuaren baitan euskal literaturari eskainitako gaua antolatu dute Quebec hiriko Zibilizazioaren Museoan. Urriaren 16an izango da, 19:00etan, ‘Soirée découverte Accent basque’ izenburupean.

Batetik, euskal literaturari buruzko mahaingurua egingo da Itxaro Borda eta Kirmen Uribe idazleen eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren parte hartzearekin. Mélissa Verrault idazle eta itzultzaileak gidatuko du mahaingurua.

‘Chejov vs. Shakespeare’ egitasmoa

Bestetik,  ‘Chejov vs. Shakespeare’ egitasmoaren edizio berria aurkeztuko da. Oraingoan, Aurelia Arkotxa euskal idazlea eta Jean Désy idazle quebectarra izan dira protagonistak. Urtebetez mantendu duten korrespondentzian akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasuna bezalako gaiak izan dituzte mintzagai, baita pandemia ere. Gutun-truke horren emaitza liburu bihurtu eta jaialdi horretan aurkeztuko da Désy eta Arkotxaren eskutik. Ekitaldian pasarte batzuk ere irakurriko dira Trío Zukanen musikaz lagunduta. Aipatu beharra dago, ere berean, Maria Zubimendi, Gorka Catediano eta Jon Ansorenak osatutako hirukote honek beste kontzertu bat ere emango du urriaren 20an, Montrealen, bertako Quasar Saxophone Quartet taldearekin.

‘Chejov vs. Shakespeare’-en edizio honen azala egiteko hautatutako artista Higinia Garay irudigilea izan da, eta liburua Euskal Herrian azaroan aurkeztuko da, Literaktum jaialdiaren baitan, Donostian.

Bestalde, ‘Québec en toutes lettres’ jaialdian bertan, Itxaro Bordak Quebeceko literatura eszenan hitzordu saihestezina bihurtu den ‘Poesiaren gaua’ ekitaldian hartuko du parte, literaturako hainbat ahots konsagratu eta emergenterekin batera.

Itzultzaile Berriak

Literaturaren ildotik jarraituz, baina ‘Québec en toutes lettres’ jaialdia alde batera utzita, ‘Itzultzaile berriak’ proiektua ere ari dira garatzen Saison Québec – Pays Basque 2021-2022 egitasmoaren baitan. Nazioarteko literatura itzultzaileak euskaraz trebatzea eta nazioarteko literatura itzultzaileen eta bertakoen arteko zubiak eraikitzea da egitasmoaren xedea. Yannick Bédard eta Michel Usereau itzultzaile quebectarrak Aiora Jaka EIZIEko kidearen gidaritzapean hurrengo laginen itzulpenak ari dira burutzen: Garazi Arrularen ‘Abian’ eta ‘Ederra eta piztia’; Uxue Alberdiren ‘Oreina’ eta ‘Ezertan lagun diezazuket?’;  eta Harkaitz Canoren ‘Arrokarik altuena’ eta ‘Safaria’ lanenak. Abendurako laginak amaitutzat eman ondoren, Bilboko ‘Gutun zuria’ jaialdian aurkeztuko dute hilabetetako lanaren emaitza. Gainera, aurreikusita dago itzultzaileek egonaldia egitea, 2022an, Euskal Herrian.

Joan-etorriko izaera duen Saison Québec – Pays Basque programaren helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea. Ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala aurreikusten du.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu