Euskal zineak hainbat sari eskuratu ditu Goyetan
Euskara. Kultura. Mundura.
Pasa den larunbatean, urtarrilak 25, ospatu zen Malagan Espainiako Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak banatzen dituen Goya sarien banaketa ekitaldia. Euskal industriak 30tik gora hautagaitza pilatzen zituen arren, zifra horretatik urrun geratu ziren sariak.
Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita 15 izendapenekin eta Donostia Zinemaldian aurkeztu zenetik hainbat sari (Donostia Zinemaldiko gidoi onena eta zuzendari onena, Irizar, Fipresci eta Feroz) jaso izanaren bermearekin iritsi zen ekitaldira, baina azkenean bi sari eraman zituen: emakumezko aktore onenaren saria, Belen Cuestari, eta soinu onenaren saria Alazne Ameztoiren, Iñaki Diezen, Xanti Salvadorren eta Nacho Royo-Villanovaren lanarengatik.
Zuzendari berri onenaren sarirako hautagaiak ziren Galder Gaztelu-Urrutia –El Hoyo- eta Aritz Moreno –Ventajas de viajar en tren-, baina Belen Funesek eraman zuen azkenean saria, La hija del ladron filmagatik. El Hoyok, hori bai, efektu berezi onenen saria jaso zuen.
Alberto Iglesiasek berriz musika onenaren saria jaso zuen Dolor y Gloria filmerako eginiko lanagatik; 11. Goya saria du musikagile donostiarrak.
Pedro Almodovarren Dolor y Gloria izan zen, hain zuzen, sari banaketan gailendu den filma. Guztira zazpi sari jaso zituen, tartean, film onena, zuzendari onena eta gizonezko aktore onenari emandakoak.