Euskal zinema Nantesera itzuliko da
Euskara. Kultura. Mundura.
Frantzian Espainian egindako zinemari eskainita antolatzen den jaialdirik nabarmenenak, Nantesko Festival du Cinéma Espagnol izenekoak, 29. edizioa izango du aurten, eta martxoaren 28tik apirilaren 7ra egingo da. Euskal zinemaren erakusleiho garrantzitsu bilakatuko da aurten ere jaialdia Etxepare Euskal Institutuak, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, babesten duen Fenêtre Basque edo Euskal Leihoari esker.
Frantzian Espainian egindako zinemari eskainita antolatzen den jaialdirik nabarmenenak, Nantesko Festival du Cinéma Espagnol izenekoak, 29. edizioa izango du aurten, eta martxoaren 28tik apirilaren 7ra egingo da. Euskal zinemaren erakusleiho garrantzitsu bilakatuko da aurten ere jaialdia Etxepare Euskal Institutuak, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, babesten duen Fenêtre Basque edo Euskal Leihoari esker.
Zortzi film luze eta zortzi labur eskainiko dira aurten 19 urte betetzen dituen Fenêtre Basque-n. Hautatutako filmak jaialdiaren sail ezberdinetan ikusi ahal izango dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, eta horietatik batzuk sariren bat lortzeko lehiatuko dira. Nantesko Zinemaldiko Euskal Leihoak, bere lemari jarraiki (Montre-toi au monde, cinéma basque) aukera paregabea eskaintzen die euskal zinemagileei euren lanak Frantziako publikoaren, kritikaren eta zinemagintza industriaren aurrean erakusteko.
Film laburrei dagokienez, aurreko edizioetan bezala, Kimuak programaren azken bilduman jasotako lanak eskainiko dira Nantesen; kasu honetan, 2018. urtean aukeratuak izan ziren zazpi laburrak. Horietatik bat, Miguel Ángel Jiménezen Kafenio Kastello (2018), gainera, film labur onenaren publikoaren saria lortzeko lehian sartu da. Bestalde, Aizpea Goenaga zinemagilearen Ya está (2019) laburra ere aurkeztuko da bertan; zuzendaria bera, Barbara Goenaga eta Aia Kruse protagonista dituena.
Bere film laburrekin Kimuak programan urte askotan hautatua izan den Koldo Almandozek film luze bat aurkeztuko du oraingoan jaialdian: Oreina (2018). Lan horrek, gainera, film onenaren Julio Verne saria eskura dezake. Film luzeekin jarraituz, Fermin Muguruzaren Black Is Beltza (2018) lanak lehenbiziko fikzio luzearen saria lor dezake Nantesen. Horrez gain, Josu Martinez zinegileak bigarren urtez edukiko du dokumental onenaren saria lortzeko aukera, kasu honetan Jainkoak ez dit barkatzen (2018) filmari esker; eta sail horretan lehiatuko da Mudar la piel (2018) baita ere, Anna Schultz eta Cristobal Fernandezen dokumentala.
Luzeekin jarraituz, Fernando Bernués zuzendariak paperetik pantailara eraman duen Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea (2019) eleberriaren egokitzapena ere emango dute Nantesen; baita Telmo Esnalen Dantza (2018) ere. Amaitzeko, Iratxe Fresnedaren Lurralde hotzak (2018) lanak, eta hainbat sari irabazi dituen Un día más con vida (2018) Raul de la Fuente eta Damien Nenowren animaziozko filmak ere izango dute tartea jaialdian.
Hainbat euskal zinemagile eta aktore ere bertaratuko dira Nantesera egunotan. Aipatutako film luzeen egile gehienak jaialdian izango dira euren lanak aurkezten. Horrez gain, euskal ordezkaritza ere egongo da jaialdiaren epaimahai ezberdinetan: Eneko Sagardoy aktoreak Sail Ofizialeko epaimahaian hartuko du parte, eta Aizpea Goenagak Dokumentalen Saileko epaimahaian. Gainera, Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek Javier Bardem aktoreari elkarrizketa bat egingo dio Nantesko operan; azken hau baita aurtengo edizioko artista omendua. Amaitzeko, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek, Euskal Zinema: zinemagileen hiru belaunaldi liburuaren frantseserako itzulpena aurkeztuko du ekitaldi batean.