Euskal zinemak presentzia zabala izango du Nantesko Zinemaldian
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal zineak presentzia zabala izango du Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren 27. edizioan. Martxoaren 22tik apirilaren 2ra ospatuko da eta guztira Frantzian ikusi ez diren 70 luzemetrai eta film labur eskainiko dira, bai fikziozkoak, baita dokumentalak ere. Hauetatik 16 luzemetrai eta zortzi film labur zinemagile euskaldunek zuzendutakoak edo Euskal Herrian ekoiztutakoak dira.
Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) sailean 11 luzemetrai eta zortzi film labur eskainiko dira. Horiez gain bost euskal film luze gehiago ikusi ahal izango dira Festibaleko sail ezberdinetan. Fenêtre Basque saila 2001 urtean sortu zuen Eusko Jaurlaritzak eta ordutik pisu garrantzitsua du urtero 26.000 ikusletik gora biltzen dituen zinemaldi honetako programazioan. Urtez urte Fenêtre Basque-ek urteko euskal ekoizpen onenen eta euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen zati handi bat eskaintzen du. Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zine programazio zabalena da eta Frantziako ikusle, kritika eta zinema industriarengana iristeko plataforma garrantzitsua.
Hasieratik amaierara, euskal zineak presentzia nabaria izango du festibalean. Nanteseko Operan egingo den irekieran Daniel Calparsoro eta Cien años de perdón (2016) filma izango dira protagonista. Calparsoro berak klausuran ere parte hartuko du, Kalebegiak (2016), Donostia 2016ren baitan eginiko film kolektiboak emango baitio amaiera zinemaldiari.
La Fenêtre Basque sailean ondorengo pelikulak emango dira:
11 luzemetrai. Fikzioa eta dokumentala
-Chillida, esku huts (2016), Juan Barrero
-El fin de ETA (2016)*, Justin Webster
-Gernika (2016), Koldo Serra
-Gernika. Markak (2016), Hannot Mintegia
-Cien años de perdón (2016), Daniel Calparsoro
-Irrintziaren oihartzunak (Los ecos del Irrintzi) (2016), Iratxe Fresneda
-Nueva York. Quinta Planta (2016)*, Mikel Rueda
-Psiconautas, los niños olividados (2016)*, Pedro Rivero y Alberto Vázquez
-Sipo phantasma (2016)*, Koldo Almandoz
-El último verano (2016)*, Leire Apellaniz
-Kalebegiak (2016)
8 film labur
-Caminan (2016), Mikel Rueda
-Decorado (2016)*, Alberto Vazquez
-Guernika (1937), Nemesio Sobrevila
-Hileta (2016)*, Kepa Sojo
-Ikuska 12 (1981), Mirentxu Loyarte
-Ikuska 2 (1979), Pedro Olea
-Irrintzi (1978), Mirentxu Loyarte
-Renovable (2016)*, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño
*Sail lehiakorretan parte hartuko duten filmak
Bederatzi film sail lehiakorretan
Guztira bederatzi film (sei luzemetrai eta hiru film labur) ariko dira lehian festibaleko sail lehiakor ezberdinetan. Sail ofizialean, Pedro Aguilera donostiarraren Demonios tus ojos (2017) egongo da lehiatuko diren zortzi filmen artean. Dokumental onenaren sariaren bila Justin Websterren El fin de ETA (2016), Mikel Ruedaren Nueva York. Quinta Planta (2016) eta Leire Apellanizen El último verano (2016) arituko dira. Opera Prima sailean beste bi pelikula egongo dira: Psiconautas, los niños olvidados (2016), Pedro Rivero eta Alberto Vázquez zinemagileena – animazio onenari Goya saria irabazi zuen- eta Koldo Almandozen Sipo phantasma (2016).
Gainera, Etxepare Institutuak eta Euskadiko Filmategiak urteko film labur onenak sustatzeko bultzatzen duten Kimuak plataformari esker Kepa Sojoren Hileta (2016) eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Renovable (2016) eta Alberto Vázquezen Decorado (2016) film labur onenaren sariaren bila lehian arituko dira.
Gernika gogoan
Era beran, aurten Nantesko zinemaldiak atzera botako du begirada Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean. Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin hautatutako sei film eskainiko dira sail berezi batean. Horrez gain, bi erakusketa eta mahai inguru bat egingo dira.
Ziklo honetan Gerra Zibilaren garaiko bi film ikusi ahal izango dira. Nemesio Sobrevilaren Guernika (1937) eta Miguel Pereyraren Frente de Vizcaya y 18 de julio (1937); gerraren eta Euskal Herriaren bi ikuspegi antagoniko erakusten dituzten propaganda filmak.
Halaber, Alain Resnais zinemagile frantziarraren Guernica (1950), Pedro Olearen Ikuska 2 (1979) – bonbardaketatik bizirik atera ziren pertsonen testigantzak jasotzen ditu- eta Hannot Mintegiaren Gernika. Markak (2016) – Bernardo Atxagaren izen bereko liburuan inspiratutakoa- eskainiko dira; baita Koldo Serraren Gernika (2016) fikziozko film luzea. Horrekin batera, Euskadiko Filmategiko zuzendariak gidatutako mahai ingurua egingo da. Parte hartzaileak, zinea eta artean bidez, iraganaren eta orainaren arteko konexioak bilatzen saiatuko dira.
Gainera, gerra garaiko 50 dokumentu, kartel eta egunkari biltzen dituen De Goya à Guernica, Espagne 1936-1939, les désastres de la guerre (Goyatik Gernikara, Espainia 1936-1939, gerraren hondamendiak) erakusketa eta Vasco Gargalo ilustratzaile portugaldarren Alepponnica obra –Picassoren Guernica lanaren Siriako bertsio siriarra- ikusi ahal izango dira.
Euskal zinemagileekin amaitzeko, aipatu beharra dago Enrique Urbizu bilbotarrak bi film izango dituela zine beltzari eskainitako sail berezian - La caja 507 (2002) eta No habrá paz para los malvados (2001) - eta Calpasororen Cien años de perdón (2016) ere eskainiko dela sail honetan. Calparsoro eta Urbizu berak genero honen inguruko jendaurreko elkarrizketa izango dute Pilar Martínez Vasseur zinemaldiaren zuzendariaren gidaritzapean. Gainera, Julio Medemen La ardilla roja (1993) eta Mikel Ruedaren A escondidas (2014) ikusi ahal izango dira festibalaren sail ezberdinetan, baita Felix Viscarret nafarraren Bajo las estrellas (2007) filma.
Jada Aipatutako Urbizu eta Calparsoroz gain, Juan Barrero, Hannot Mintegia, Mikel Rueda, Koldo Serra, Koldo Almandoz, Leire Apellaniz eta Iratxe Fresneda zinemagileak joango dira festibalera.
Erakundeen presentzia
Euskal erakundeen ordezkari bezala Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea, Joxean Muñoz; Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Miren Arzalluz eta Donostia 2016ko zuzendaria, Pablo Berastegi joango dira Nantesera, sari banaketa eta hitzaldietan parte hartzera.
Amaitzeko, dokumental onenaren saria hautatzeko epaimahaian Juan G. Andres, Noticias de Gipuzkoa egunkariko kazetari eta argazkilaria eta Pablo Iraburu, iaz Walls (2015) filmarekin sari hau irabazi zuen zinemagilea eseriko dira.