Euskal zinemaren leihoa Londresen

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-09-24

Britainia Handiko ikusleek euskal zineak eman dituen ekoipzen berrieneteko batzuk ezagutzeko aukera izango dute, bederatzigarrenez, irailaren 26tik 30era egingo den London Spanish Film Festival jaialdian.

Britainia Handiko ikusleek euskal zineak eman dituen ekoipzen berrieneteko batzuk ezagutzeko aukera izango dute, bederatzigarrenez, irailaren 26tik 30era egingo den London Spanish Film Festival jaialdian.

Etxepare Euskal Institutuak babesten duen Basque Window atalean lau film emango dituzte aurten: bi fikziozko luzemetrai, dokumental bat eta film labur bat. Guztiak estreinako aldiz Erresuma Batuan.

Ana Murugarren nafarrak zuzendutako La higuera de los bastardos (2017) filmak emango dio hasiera euskal leihoari irailaren 27an. Saioan, gainera, Joaquín Trincado ekoizlea egongo da. Bere bigarren pelikulan, Murugarrenek Gerra Zibileko falangista baten istorioa kontatzen du. Izuak eta erruak jota, apurka ermitau bilakatzen da gizona. Ramiro Pinilla idazle bilbotarraren La Higuera eleberriaren adaptazioa da.

Hilaren 29an Cuando dejes de quererme (2018) filmaren txanda izango da, Igor Legarreta zuzendariaren lehenbiziko lana. Laura izeneko emakumea du protagonista istorioak. Txikia zela utzi zuen Euskal Herria, ustez, bere aitak abandonatu zuelako. Egun batean dei bat jasoko du: bere aita hilik agertu da, baso batean lurperatuta. Froga forentseen arabera duela 30 urte baino gehiago hil zen, garondoan jasotako tiro baten ondorioz. Laura Euskal Herrira itzuliko da, bere ugazaitarekin, benetan gertatu zena ikertzeko asmoz.

Euskal Herriko gastronomiak ere izango du tartea jaialdian. Irailaren 30an izango da hori, Soul (2016) dokumentalaren proiekzioarekin. José Antonio Blanco eta Ángel Parrak zuzendutako lanak Eneko Atxa sukaldari euskalduna eta Jiro Ono japoniarra ditu protagonista. Japoniara egindako bidaia gastronomikoan Atxak Jiro Ono ospetsua ezagutuko du, 90 urte dituen sushiaren maisua, baita Tokioko hainbat toki entzutetsu ere, hala nola, Tsukiji arrain merkatua eta Mibu jatetxe famatua. Soul-ek bere filosofian itxuraz oso ezberdinak diren bi sukaldaritzaren sekretuak arakatzen ditu. Biek jaso dituzte aitorpen handienak: hiru Michelin izar. Saio honen aurretik Mikel Ruedaren Caminan film laburra ikusi ahal izango da.

Jaialdiaren programa osoa esteka honetan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu