Euskal zinemari aitortza Goya sarietan
Euskara. Kultura. Mundura.
Iciar Bollainen ´Maixabel´ filmeko aktoreek hiru Goya sari jaso dituzte. María Cerezuelak Emakumezko Aktore Berri Onenaren Goya saria irabazi du eta Urko Olazabalek Bigarren Mailako Aktore Onenarena. Blanca Portillo emakumezko aktorerik onena izendatu zuten Valentzian egindako sari-banaketa ekitaldian. Bestalde, Kiko de la Rica bilbotarrak, argazki zuzendaririk onenaren saria jaso du´Mediterraneo´-gatik.
Bollainek zuzendu eta Kowalski Filmsek ekoitzitako pelikula gaueko ekoizpenik sarituena izateko lehian izan da, ‘El buen patrón’ film luzearekin batera. Nabarmentzekoa da Goya sarietan 28 kategoria daudela eta horietatik 18tan gutxienez euskal hautagaitza bat dagoela, eta bitan, bina hautagai daudela.
Euskal zinemak 2021eko Goya Sarietan arrakasta handia izan zuen, eta zortzi sari jaso zituen. Aurten, euskal industriaren bultzada eta kalitatea aintzat hartu dituzte berriro, guztira 20 izendapenekin.
Akademiak bereziki aintzat hartu du sektoreko teknikarien balioa. ‘Maixabel’ filmaren kasuan, 14 izendapenetatik zortzi alderdi teknikoei dagozkie. Horien artean, honako hauek ditugu: Produkzio Zuzendaritza Onenaren izendapena (Guadalupe Balaguer Trelles), Makillaje eta Ile-apainketa Onenaren izendapena (Karmele Soler eta Sergio Pérez Berbel), Jantzien Diseinu Onenaren izendapena (Clara Bilbao), Muntaia Onenaren izendapena (Nacho Ruiz Capillas), Soinu Onenaren izendapena (Alazne Ameztoy, Juan Ferro eta Candela Palencia), Jatorrizko Gidoi Onenaren izendapena (Iciar Bollaín eta Isa Campo) eta Jatorrizko Musika Onenarena Alberto Iglesiasentzat. Musikari donostiarrak nazioarteko zinemagintzaren aintzatespen garrantzitsuenetako bi lor ditzakeela aurten; izan ere, Estatu Batuetako Akademiak Pedro Almodóvarren ‘Madres Paralelas’ filmean egindako lana ere aitortu du, Soinu Banda Onenaren Oscar sarirako izendapenarekin.
Mikel Serranok iaz ‘Akelarre’ filmagatik jaso zuen aintzatespena eta, aurten, besteak beste, Antxon Gomezekin (‘Madres paralelas’) lehiatu da Zuzendaritza Artistiko Onenaren saria lortzeko. Beste izendapen aipagarri bat Jorge Guerricaechevarríarena da. Daniel Monzónekin batera, Gidoi Egokitu Onenaren Goya sarirako hautagaia izan da ‘Las leyes de la frontera’ filmean elkarrekin egin duten lanagatik.
Era berean, Animazioko Film Onenaren kategorian lehiatu da ‘Zutik! (Salvar el árbol)’ filma. Haizea Pastor eta Iker Álvarez zuzendarien eta Baleuko ekoiztetxearen lan hau deratzi urtetik beherako haurrei zuzenduta dago, eta eskuzabaltasuna, adiskidetasuna eta naturaren defentsa sustatu nahi ditu.
Bi film labur ere izan dira hautagaiak saria lortzeko. Alde batetik, ‘Nacer’ Animaziozko Film Labur Onenaren sarirako. Roberto Vallek zuzendu eta Uniko Filmsek eta Auntie Filmsek ekoitzitako lan honek Carlos mutikoaren istorioa aurkezten du. Lau urteko haurra da Carlos, eta anaiatxo bat izateko erronka emozionalari egin behar dio aurre. Bestetik, Pablo de la Chica zuzendari duen ‘Mama’ lanak Media Attack-en parte-hartzea du, eta Dokumental Labur Onenaren saria eskuratzeko lehiatu da.