Euskara maila egiaztatzeko azterketak Madril, Bartzelona eta Buenos Airesen

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-05-10

Etxepare Euskal Institutua bigarren urtez arduratuko da Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako B1, B2 eta C1 euskara-mailak egiaztatzeaz, euskararen eremutik kanpoko Euskal Etxeetan.

Etxepare Euskal Institutua bigarren urtez arduratuko da Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako B1, B2 eta C1 euskara-mailak egiaztatzeaz, euskararen eremutik kanpoko Euskal Etxeetan.

 

2010. urtean Euskara Munduan programa sortu zenetik, urtero egin izan dira azterketa horiek euskararen eremutik kanpo, HABEren gidaritzapean. Euskara Munduan programa Etxepare Euskal Institutuaren kudeaketa esparrua igaro zen 2018. urtean, eta geroztik, bera da Ezohiko Deialdi izeneko proba hauek antolatzearen arduraduna, HABEren deialdi eta azterketa ereduak erabiliz.

Madril eta Bartzelona izan ohi dira deialdi bakoitzean euskararen eremutik kanpo azterketa egiteko leku finkoak. Horiez gain, espainiar estatutik kanpoko leku ezberdin bat hautatu ohi da urtero, izen-emate kopuruak hala eskatzen badu, azterketa egiteko. Aurtengo kasuan, Argentinako Buenos Aires hiriburua izan da leku hautatua, eta bertan nazioarteko edozein euskara ikaslek izan du izena emateko aukera.

Euskararen eremutik kanpo egingo den lehen azterketa Madrilgoa izango da. Maiatzaren 11n izango da, larunbat honetan. Bertan, guztira, 36 ikaslek eman dute izena: B1eko 10ek, B2ko zazpik eta C1eko 19k. Hurrengo azterketa Bartzelonakoa izango da, maiatzaren 18an. Bertara, C1 mailako lau ikaslek eman dute izena. Amaitzeko, Buenos Airesko azterketa denbora tarte bat barru izango da: uztailaren 27an. Hura egiteko, 22 ikaslek eman dute izena guztira: B1eko 10ek eta B2ko 12k, hain zuzen. Kasu guztietan, azterketaren ereduak Euskal Herrian egiten diren azterketa eredu berberak izango dira, eduki eta zailtasun mailan.

Etxepare Euskal Institutuak iaz egin zuen lehen aldiz azterketa honen ezohiko deialdiaren kudeaketa Euskal Etxeetan. 2018an, Madril eta Bartzelonan egindako azterketetan 40 titulu eman ziren guztira. Euskara Munduan programa 2010. urtean sortu zenetik, iazko azken deialdira bitarte, 170 ziurtagiri eman dira guztira euskararen eremutik kanpo.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu