Euskara maila egiaztatzeko azterketetak, Madrilen, Bartzelonan eta Buenos Airesen
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskara sustatzeko Etxepare Euskal Institutuak egiten duen lanen artean dago euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatzea HABEren laguntzarekin. Etxepare Euskal Institutuak euskal etxeetan euskara ikasten ari diren ikasleen euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo; urtero Madril eta Bartzelonan egiten dira, eta ziklikoki, baita Argentinan ere, aurten bezala.
Buenos Aires, Madril eta Bartzelonako ikasleak aurkeztu dira 2021-2022 ikasturtean zehar Euskara Munduan programaren baitan euskara azterketara. B1, B2, C1 eta C2 mailako azterketak egin dituzte.
Lehenengo deialdira 74 ikasle aurkeztu dira denera, eta 24k gainditu dute; Bartzelonan 15etik 5 lagunek gainditu dituzte frogak; Madrilen, 39tik 12k, eta Buenos Airesen 20tik 7k. Bigarren deialdian, bestalde, 43 lagun aurkeztu dira azterketetara Bartzelonan eta Madrilen, 18 eta 25na, hurrenez hurren. Guztira, 13k gainditu dute, 7k Bartzelonan eta 6k Madrilen.
Horrela, 9 ikaslek eskuratu dute B1 mailako titulua. B2 mailakoa, 13k. C1 mailakoa, beste 14k, eta C2koa, bik.
Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programak mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea du helburu. Euskal Etxeetan ematen diren eskolaz diruz lagundu eta materialez hornitzeaz gain, euskara irakasleen trebakuntza sustatzen da programa honen bidez. Izan ere, giza baliabideei dagokionez, Euskal Etxeek askotan beren irakasle taldea trebatu beharra dute eta hori erronka handia da. Azterketak egindako iksle horietako batzuk, irakasle lanei ekingo diete orain, hain justu.