Euskaraldia mundu osora zabalduko da Etxepare Euskal Institutuaren eskutik

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-11-23

Euskaraldia indarrez hasi da, eta dagoeneko haren oihartzuna mundu osoko hamaika txokotara iristen hasia da Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Alde batetik, Institutuak, Euskara munduan programaren bitartez, munduko 70etik gora euskal etxetan “arigune” onenen argazki-lehiaketa antolatu du. Euskal etxeek Euskaraldiaren 2. edizioak iraun arteko epea (azaroaren 20tik abenduaren 4ra) izango dute haien “arigune” hoberena aukeratzeko. Ondoren, argazki onena Institutura bidali eta webgunean izango dira ikusgai, astebetez, abenduaren 5etik 13ra, hain zuzen. Eta epe horretan ekingo zaio euskal etxeetako “arigune” onenaren bozkari (partaideek hiru argazki bozka ditzakete 3, 2 eta puntu 1ekin). Bozkatzerakoan, ordea, euskal etxe parte hartzaileek ezingo diote beren buruari botorik eman. Azkenik, abenduaren 14ean jakinaraziko dira hiru argazki irabazleak, eta sariak honako hauek izango dira: Euskal etxeetako “arigune” onenaren argazkiak, pelikula-sorta eder bat; bigarrenak, musika-sorta eder bat; eta hirugarrenak, liburu sorta eder bat (Azken urteotako Euskadi sariak).

Bestetik, Euskaraldiak ere izango du isla arlo akademikoan, Europa, Amerika eta Asiako 17 unibertsitatetara helduko baita, Etxepare Euskal Institutuaren euskara eta euskal kulturako irakurletza sare zabalaren bitartez, ariketa kolektibo hau 1.500dik gora ikasleen artean zabalduta. Hala, euskara eta euskal kulturaren irakurleek dozenatik gora kultur programa eta jarduera egingo dituzte –gehienak online, pandemia dela eta-, hala nola esketx motzak (Helsinkin), solas-jokoak (Frankfurt), erronkak Instagramen (Chicago), YouTuber baten esperientziak kontatuz (Italia), podcastak (Mexiko), Covid-19, kazetari euskaldun baten begiradapean (Txile) edo bideo-biografiak (Tokio). Gisa honetan, Institutuak lortu du munduan zehar sare akademiko horren bidez euskara ikasten ari diren ikasleak ariketa kolektibo honetan parte hartzera, betiere tokian tokiko egoerara egokituz, euskararen erabilera indartzeko eta ikasgeletatik haratago eramateko.

Helsinkiko Unibertsitatean, azaroaren 22tik abenduaren 4ra, ikasleekin esketx motzak egingo dituzte (aurrez aurreko bideoak grabatuta eta YouTube-n zabalduta), finlandiarren eta euskaldunen arteko lotura eta aldeen inguruan, baita euskaldun berrien gainean ere.

Veneziako Foscari Unibertsitatea eta Boloniako Unibertsitatean, aldiz, azaroaren 30ean, Aiora Mujika komunikatzaile eta YouTuberrak “L´esperienza di una youtuber in lingua basca” online hitzaldia eskainiko du.

Alemaniara ere indarrez helduko dira Euskaraldiaren oihartzunak. Frankfurteko Goethe Unibertsitatean, esaterako, abenduaren 7tik 11rako astean, EkoLinguA solas-jokoa egingo dute, online, katalaneko irakurlearekin lankidetzan. Leizpig Unibertsitatean, abenduaren 14ean, Yogurinha Borova show womanak honako hitzaldia eskainiko du Zoom bidez: “La sociolingüística del cabaret. Perfomers, drags y lenguas minorizadas”. Eta herrialde bereko Konstanz Unibertsitatean, aldiz, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko eguna dela eta, bideo bat grabatuko dute ikasleekin, eta sare sozialetan zabaldu.

Atlantikoa zeharkatuta, Txileko Unibertsitatean, azaroaren 25ean, “COVID-19a, kazetari euskaldun baten begiradapean” online solasaldia eskainiko da. Txileko Pontificia Universidad Católica-n, berriz, abenduaren 3an, “What is Bertsolaritza” ikus-entzunekoa proiektatu eta Maider del Olmo kazetariaren eta bertsolari emakume baten eskutik online saioak egingo dituzte. Argentinan, bestalde, La Platako Unibertsitatean, abenduaren 1ean hitzaldi/solasaldia egingo dute Juan Carlos Etxegoien “Xamar” idazlearekin, alegia, euskal kulturaren erreferentziazko bi liburu hauen egilearekin: Orhipean: Gure herria eta Etxera bidean.

Halaber, Mexikoko UNAM-en, azaroaren 27an, Euskaraldiaren arduradun batekin elkarrizketa online elkarrizketa egingo dute; eta Euskararen egunean, ikasleek podcasta grabatuko dute euskara-ikasle izateari eta euskararen biziberritzeari buruz.

Euskaraldia, jakina, AEBetara ere helduko da, Chicagora, hain zuzen ere. Batetik, Illinois-eko Urbana-Champaign Unibertsitatean, azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskaraldia gelan landuko dute. Eta, bestetik, Chicagoko Unibertsitatean, beste irakurletzekin lankidetzan, erronka txikiak egingo dituzte, Instagramen kontu bat propio sortuta. Horrez gain, zenbait hizlarirekin euskara eta euskal kulturari buruzko online hitzaldi sorta egingo dute. Eta Boiseko Unibertsitatean (Idaho), Taupada irrati-programakoek eta euskal ikasketen sailekoek bultzatuta Euskaraldian zehar entzuteko euskal abestien "Playlist" bat sortuko dute.

Era berean, Euskaraldiaren eguzki printzak Ekialde urrunean pausatuko dira, Japoniako Tokio Unibertsitatera, hain justu ere. Bertan, Euskara eta euskal kulturako irakurleak ikasleei bideotxo batzuk eskatu dizkie, beren buruak eta bizi diren auzoa aurkeztu ditzaten. Horren ondoren, Euskaraldiaren bideo bat prestatuko dute, Tokion ere euskal hiztunak daudela erakusteko.

Polonian, ostera, Euskaldiaren harrabotsak Poznaneko Unibertsitatera entzungo dira. Bertan, Katarzyna Mirgos poloniar euskaldun irakaslearekin elkarretaratze bat egingo dute, Teams plataforma erabilita. Mirgos Gdansk-eko irakaslea da eta duela gutxi oso liburu interesgarria argitaratu du Euskal Herriaren inguruan: Gure. Historie z Kraju Basków. Saioan, ikasle batek liburua irakurri eta beste batek itzultzaile lanak egingo ditu, saioa polonieraz eta euskaraz izango baita. 

Azkenik, Euskararen Nazioarteko egunari begira, Bartzelonan, Universitat de Barcelona eta Universitat Autònoma de Barcelona unibertsitateetan, Mintzobira digitala Unibertsitate eta bertako Euskal Etxeko ikasleekin. Eta Erresuma Batura hegan eginez, Liverpooleko Unibertsitatean Euskaraldiak ere izango du zer kontaturik, izan ere, ikasleek Dylan Inglis ingeles euskaldunarekin online elkarrizketa izango dute. Inglisek, euskara batua ez ezik, zuberera, bizkaiera eta hitanoa ere erabiltzeko gaitasuna du.

Euskaraldia, 15 egun euskaraz

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egiten ari den Euskaraldiaren helburu nagusia da herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzeaAurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango da ariguneen bidez.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu