Euskararen Eguna Bruselan: Aurelia Arkotxa euskal literaturaz
Euskara. Kultura. Mundura.
Fenêtre Ouverte sur le Pays Basque programa amaierara iristen ari da. Gaur, Euskararen Egunean, Aurelia Arkotxa idazle, irakasle eta euskaltzainak euskarari eta euskal literaturari buruzko solasaldi batean parte hartuko du Bruselako Point Culture gunean, arratsaldeko 19:00etan.
Mintzaldia online emango dute, zuzenean, streaming bidez. Euskaraz egindako zineari buruzko zikloak ere aurrera darrai Cinematek Belgikako Filmategian: gaur bi filme emango dituzte: "80 egunean" (Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño, 2011) eta "Bertsolari" (Asier Altuna, 2010). Azken emanaldian, bihar, "Zuloak" (Fermin Muguruza, 2012) eskainiko dute.
Mikel Laboari buruzko erakusketa ikusteko aukera ere bihar arte izango da, La Bellone Maison du Spectacle gunean, eta Juan Mari Beltranek bihar amaituko du bere bira, "Mercredis Percutants" aretoan.
Fenêtre Ouverte sur le Pays Basque 2013. Nazioarteko Euskararen Eguna dela eta Etxepare Euskal Institutuak eta Jeunesses Musicales Federazioak Bruselan eta Valonian antolatu duten euskal kulturari buruzko programa da. Azaroaren 23an hasi zen eta abenduaren 4an bukatuko da.