Euskarazko diskorik onena sarituko du Etxepare Euskal Institutuak MIN sarietan

2023/02/09

Euskara. Kultura. Mundura.

MIN sarietako kategoria ezberdinetan hautagai izateko izen-ematea zabaldu dute. Etxepare Euskal Institutuak, urtero bezala, euskarazko diskorik onenarentzako saria eskainiko du. Otsailaren 8tik 24ra arte egongo da hautagaitzak aurkezteko epea zabalik.

MIN sariak artista berriak publiko berriei ezagutarazteko, musika gizarteari hurbiltzeko eta sormen-jardueraren onarpena sustatzeko sortu ziren duela 15 urte. Etxepare Euskal Institutuak 2013tik eskaintzen du euskarazko diskorik onenaren saria, euskaraz egindako musika eta euskal musikari independenteei ikusgarritasuna eta zabalkundea emateko xedez.

XV. edizio honetan, 2022an argitaratutako diskoak, EPak edo singleak dituzten artista eta zigilu independenteek eman dezakete izena. Euskarazko diskorik onenaren kategorian 2022an argitaratutako euskarazko lanak aurkeztu daitezke. Prozesu hori diskoetxeek, musika argitaletxeek, artistek edo kudeatzaileek egin dezakete MIN Sarien webgunearen bidez.

Euskarazko diskorik onenarentzako kategorian izena emateko oinarriak eta prozedura MIN sarietako webgunean kontsultatu daitezke. Otsailaren 22an itxiko den izena emateko etaparen ondoren, bozketa herrikoi bat egingo da, non publikoak kategoria bakoitzeko hautagaitzak bozkatzeko eta hamabost lan hautatzeko aukera izango duen. Ondoren, epaimahaiak publikoak aukeratutako hamabost izendatuetatik bost hautagaitza aukeratuko ditu. Nominatuen izenak Izendatuen Irakurketa publikoan jakinaraziko dira.

Aurreko edizioak Iruñean eta Burgosen egin dira, eta aurten Palma de Mallorcan egingo dira lehen aldiz maiatzaren 17an. Bertan, MIN sarien gala egingo da eta kategoria guztietako saridunak izendatuko dira.

Unión Fonográfica Independiente-k antolatutako sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan eta nazioartean sustatzeko. XIV. MIN sarietan (2022), euskarazko diskorik onenaren saria Verde Pratoren Kondaira eder hura lanak jaso zuen. 

Etxepare Euskal Institutua eta sortzailea

 

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu