Expoesia: Euskal Herriko sortzaileak protagonista
Euskara. Kultura. Mundura.
-
31Uzt 202107Abu 2021Soria
Euskal kultura kanpoan sustatzeko uda honetan egingo diren leihoen artean garrantzitsuena Soriakoa izango da. Izan ere, abuztuaren 1etik 8ra egingo den Expoesia 2021 Liburu Azokako aurtengo gonbidatua Euskal Herria izango da, euskal hizkuntza, poesia eta literatura protagonista bilakatuz. Iaz Portugali egokitu zitzaion lanari emango diote segida.
Hala, ´Cercanías´ atalean euskaraz zein gaztelaniaz idazten duten zenbait euskal idazle jendaurrean mintzatuko dira: Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Aitor Francos, Karmelo C. Iribarren eta Peru Magdalena, kasu. Baita Pello Salaburu edo Jon Kortazar akademikoak ere.
Ikuskizunen arloan, Gaztela-Leongo hirian izango dira, baita ere, Kukai Dantza (abuztuaren 1ean, ´Hnuy illa´ ikuskizunarekin), Amaia Zubiria (abuztuaren 2an), Ruper Ordorika (abuztuaren 5ean) eta proiektatuko dira, esaterako ‘Obaba’ (Montxo Armendariz, 2015), ‘Dantza’ (Telmo Esnal, 2018) filmak eta monografiko bat eskainiko zaio Oskar Alegria iruindarraren obrari, bere bi film eskainita: ´Emak Bakia baita´ (2012 ) eta `Zumiriki´ (2019). Bertsolaritza eta bertsolariak ere partaide izango dira Sorian (Uxue Alberdi eta Miren Amuriza, Danele Sarriugarte interprete dutela); eta jaialdian zehar arituko diren joaldun eta Txamalako txalapartariez gain, Isabel Azkarate argazkilari donostiarraren ‘Arte eta parte’ erakusketa bisitatu ahal izango dute gerturatzen direnek, azken hau abuztuaren 28ra arte. Bestalde, Expoesiaren baitango Liburu Azokara bilduko diren hogei argitaletxeetatik lau izango dira Euskal Herrikoak: Pamiela, Elkar, Astiberri eta Txalaparta.