Faberllull: poesia itzulpenak sustatzeko egonaldia
Euskara. Kultura. Mundura.
-
01Api 202208Api 2022Olot
Etxepare Euskal Institutua, Institut Ramon Llull eta Consello da Cultura Galegak poesia itzulpenak sustatzeko egonaldia antolatu dute apirilaren 1etik 8ra Faberllull egoitzan, Olot-en (Katalunia). Egonaldi poetikoaren helburua da lanerako, inspiraziorako eta elkartrukerako gunea eskaintzea. Guztira 10 itzultzailek hartuko dute parte, hiru euskaldun, hiru kataluniar eta lau galegok. Hiru hizkuntza horien arteko itzulpenak sustatuko dira hain zuzen.
Egonaldiak bi ardatz izango ditu. Alde batetik, taldeko lana, egoiliarren arteko trukea lehenesteko xedea duena. Bestetik, bakarkako lana, egoiliar bakoitzak bere proiektua garatzeko aukera izan dezan. Gainera, egonaldia amaitu ostean, egoiliarrek literatura-jaialdi batean parte hartzeko aukera izango dute antolatzaileen hiru eragin eremuetan.
Deialdi publiko bat egin eta gero, hauek dira egonaldia burutuko duten itzultzaileak: Jesús Castro Yáñez, María Alonso Seisdedos, Raquel Senra Fernández, Itxaro Borda, Leire Martinez de Marigorta Varela, Lluïsa Soaz González, Eduard Velasco, Pau Hernánez, Ainara Maya Urroz eta Isaac Xubín.
Egunotan Bilbon egiten ari diren Gutun Zuria Bilbao Letren Nazioarteko Jaialdiaren testuinguruan aurkeztu dute lehenengo aldiz antolatutako egonaldi poetikoa; itzulpengintza sustatzeko ildoen berri eman du Etxepare Euskal Institutuak jaialdian, eta Institutuaren lan-ildo nagusietako bat euskal literaturaren nazioartekotzea izanda, euskal literaturaren itzulpenerako dirulaguntzen nondik norakoak, Itzultzaile Berriak egitasmoa, EIZIErekin lankidetza eta Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria ere izan dituzte hizpide Bilboko Azkuna Zentroan.