Fest´arts 2022: Larrua Proyecto, Zirkozaurre eta Batcharte Dantza
Euskara. Kultura. Mundura.
-
04Abu 202206Abu 2022Libourne
Azken urteetan bezala, hiru euskal konpainiak hartuko dute parte Libourneko (Frantzia) Fest’Arts kaleko arteen jaialdian. Abuztuaren 4tik 6ra egingo da jaialdia eta Larrua Proyecto, Zirkozaurre eta Batcharte Dantza izango dira bertan. Jaialdiaren 31. edizioa da aurtengoa eta 2012. urteaz gerotik, Etxepare Euskal Institutuak Fest’Arts jaialdiarekin elkarlanean dihardu euskal kale antzerkia nazioartean zabaltzeko xedez.
Batcharte Dantzak ‘Xilko’ ikuskizuna abuztuaren 4, 5 eta 6ean egingo du, 14:30ean lehen bi egunetan eta 14:00etan hirugarrenean. D’oyen Carbonnier plazan egingo dituzte emanaldiak. Proyecto Larrua-k, bestalde, ‘Muda’ ikuskizuna eramango du Libournera, hilaren 4ean, 14:00etan eta 14:00etan zein 16:15ean, abuztuaren 5ean. Saint Jean elizaren atarian egingo da.
Zirkozaurreri dagokionez, hiru emanaldi egingo dituzte ‘Kobr3’ lana aurkezteko, abuztuaren 4, 5 eta 6an, 17:00etan, 17:30ean eta 17:00etan, hurrenez hurren. Montesquieu Lizeoko patioan egingo dira.
Etxepare Euskal Institutuak Fest´Arts jaialdiarekin duen hitzarmenari esker, urtero hainbat euskal antzerki edo dantza konpainia programatzen dituzte nazioarteko jaialdi garrantzitsu honetan, Hego Euskal Herriko konpainia berri zein kontsolidatuek ikuskizunak eskainiz jaialdiaren baitan. Aurten, hiru euskal konpainia izango dira euskal leiho honetan.
Institutuaren eta jaialdiaren arteko lankidetza Aquitaine.eus proiektuaren baitan kokatzen da, bi lurraldeen arteko zubia eraikitzeko asmoz. Azken hori Eusko Jaurlaritzak eta Nouvelle Aquitaine Eskualdeak osatzen duten Akitania-Euskadi Euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak 2016an abian jarritako lankidetza da.