Festival d´Annecy: Homeless Home & Lursaguak

Euskara. Kultura. Mundura.

Festival d´Annecy: Homeless Home & Lursaguak
  • 15
    Eka 2020
    30
    Eka 2020
    Annecy

Atzo eman zion hasiera Annecyko (Frantzia) animaziozko zinema jaialdiak. Egoerak hala bultzatuta, online bidea hartu du zita honek aurten, eta ekainaren 30era bitarte luzatuko da. Jaialdian, aurten, bi euskal film izango dira film laburren sail ofizialean: Alberto Vazquezen Homeless Home eta Izibene Oñederraren Lursaguak.

Jaialdiaren online bidezko egitarauaz gozatu ahal izateko akreditazioa beharrezkoa da. Bi akreditazio mota daude, bata jaialdiarena, orokorra eta publikoari irekia, eta bestea MIFA edo Annecyko jaialdiaren azokarena, sektoreko profesionalei zuzendua. Ekintza guztiak online bidezko bideo-deien bitartez gauzatuko dira. Euskal zinemagintzaren sektorea ez da publikoari begira egongo aurtengoan; stand birtual bat eskuratu duen arren, sektoreko profesionalekin soilik izango ditu harremanak, euskal ekoizpen berrienen berri emateko.

Alberto Vazquezek zuzendutako Homeless home da film laburren sailean hautatutako euskal filmetako bat. UniKo produkzio-etxeko ekoizle exekutiboa den Ivan Miñambresek ekoiztuta, ‘Homeless Home’ film laburrak fantasiazko unibertso jakin batean kokatutako istorio existentzialista eta soziala jorratzen du. Izibene Oñederraren Lursaguak filma ere sail ofizialean ikusteko aukera izango da. Lan honek kontaketa ilun bat aurkezten du, giza izaerak esparru garaikidean duen zereginari buruzkoa. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Kimuak 2019 euskal film laburren katalogoaren parte da, beste hainbat gauzaren artean.

Bi film horiek Film Laburren Kristala izeneko saria lor dezakete, mundu mailako beste 35 lanekin batera osatutako sailean gailentzen badira.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu