Unai Elorriaga FIL Guadalajaran izango da Etxepare Euskal Institutuaren eskutik
Euskara. Kultura. Mundura.
Unai Elorriaga idazleak Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (Mexiko) parte hartuko du, Etxepare Euskal Institutuak sustatuta. FIL Guadalajara sektoreko ekitaldi garrantzitsuenetakoa da nazioartean eta iberoamerikar literaturaren hitzordu nagusia eta urtero ehunka idazle eta hainbat mila profesional eta irakurle biltzen ditu. Euskal idazleak egitarau ofizialeko zenbait ekitalditan parte hartuko du.
Azoka bihartik, azaroaren 25etik, abenduaren 3ra bitartean izango da Mexikon eta orotara hiru ekitalditan parte hartuko du Elorriagak. Datorren ostegunean, azaroak 30, “FIL GAZTEA: FILen oihartzunak” ikasleekin antolatu duten topaketan izango da. Bestalde, abenduaren 1ean, “Umore beltza eta tragikomedia literaturan” mahai-inguruan parte hartuko du honako hauekin batera: Matias Moscardi (Argentina), Carla Zuñiga (Txile), Juan Pablo Villalobos (Mediko) eta Nina Lykke (Norvegia). Bertan, literaturako umoreari buruzko hainbat ikuspuntu partekatuko dituzte eta umorea beren lanetan nola aplikatzen duten azalduko dute. Hurrengo egunean, abenduaren 2an, Elorriagak bere eleberri ‘Iturria’ren (Susa,2019) gaztelerazko itzulpena den ‘Nosotros no ahorcamos a nadie’ (Galaxia Gutenberg, 2023) lana oinarri hartuta, Alberto Chimal idazle mexikarrarekin solasaldia izango du. Bi autoreak ipuinaren eta nobelaren artean dabiltza, genero laburrarekiko maitasuna partekatzen dute, eta haien lanek irudimenaren erakusketa aparta osatzen dute, bai eta narratzeko artea balioesteko gonbidapena ere, dela mikrokontakizunen bidez, dela eleberri luzeen bidez.
Gainera, Elorriagak Mexico DF-ko Euskal Etxeko solasaldi batean parte hartuko du, UNAMeko irakurletzako ikasleekin eta euskal etxe horretako kideekin batera.
Bestalde, Karmele Jaio Mexikoko azokara itzuliko da hainbat ekitalditan parte hartzeko xedearekin. Horien artean, poesia europarraren topaketan parte hartuko du beste idazle europar batzuekin batera eta “Europa literaturan: kontinentea kontatzen” mahai inguruan izango da, José Luis Peixoto, Nora Ikstena eta Svetlana Cârsteanekin solasean.
Euskal Irudigileen Elkartea FILen
FIL Guadalajarak euskal ordezkaritza zabala izango du aurten. Elorriagaz eta Jaioz gain, Euskal Irudigileen Elkarteko hainbat kide izango dira bertan. Etxepare Euskal Institutuaren laguntza jaso du elkarteak eta ekitaldi ugaritan parte hartuko dute. Bertan izango dira, besteak beste, Ruth Juan, Irantzu Piquero, Janire Orduna, Raisa Alava edo Elisabeth Pérez Fernandez. Hainbat hitzaldi eskaintzeaz gain, Euskal Irudigileen Elkartearen 20 urteak islatuko dituen erakusketa osatuko dute elkarteko 173 bazkideen lanekin “20. urteurrenaren erakusketa eta komikia Euskal Herrian” izenburupean. Euskal Irudigileen Elkartearen parte-hartzea kontsultatu daiteke esteka honetan.
FIL Guadalajaran Basque.Books. egitasmoaren stand-a izango da baita ere. Etxepare Euskal Institutuaren ekimen hau, euskal literatura-ekosistemaren eragile nagusiekin lankidetzan, Euskal Herriko literatura-sorkuntzaren nazioartekotzea eta kanpo-proiekzioa mundu osoko merkatu, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan bultzatzeko estrategia eta plataforma da. Basque. Books-ek Euskal Herriko literatura-sektoreko egile eta profesionalei nazioarteko merkatuetan parte hartzeko aukera ematen die, eta, aldi berean, euskal literaturaren nazioarteko itzulpengintza eta banaketa sustatzen ditu.
FIL Guadalajara: Iberoamerikako literatura-hitzordu nagusia
FIL Guadalajara azaroaren 25etik abenduaren 3ra izango da. Munduko literatura-ekitaldi garrantzitsuenetako bat da, eta Iberoamerikako liburuaren sektoreko profesionalentzat urteko hitzordu nagusia. 37. edizio honetara 45 herrialdetako 600 egile bertaratuko dira, baita liburua, akademia, kultura, pentsamendua eta zientziaren alorreko figura garrantzitsuak ere. Bederatzi egunetan zehar, liburua, irakurketa, zientzia, artea, kultura eta pentsamenduari loturiko jarduera sorta zabala eskainiko du 2023ko programak.
Horrela, egitarau orokorrak hiru mila jardueratik gora bilduko ditu: literarioak, akademikoak, zientzia-dibulgaziokoak, artistikoak, profesionalak, haurrenak eta gazteenak. FILen 37. edizioko literatur programak 45 herrialde eta 33 hizkuntza desberdinetako 650 idazleren parte hartzea aurreikusten du, hainbat eskualde, korronte eta generori arreta ematen dieten programetan, eta horien artean literatura garaikideko figura handiak nabarmentzen dira.
Literatura garaikidearen eremuko gonbidatuen artean honako hauek bertaratuko dira: Elia Barceló, Elísabet Benavent, Piedad Bonnet, María Dueñas, Morgana Kretzmann, Andrés Neuman, Pascal Quignard, Julia Quinn, Élmer Mendoza, Sergio Ramírez, Angelo Tijssens, Margarita García Robayo, Antonio Muñoz Molina, Jordi Sierra i Fabra, Tatiana Țîbuleac, Jorge F. Hernández, Elvira Lindo edota María José Ferrada.